Olentzero, Hator Hator, Horra Mari Domingin, Din Dan Don!, Bizar Zuri... Maala Guraso Elkarteak antolatuta Gabon kantuak entzungo ditugu herriko kaleetan barrena hilaren 24an eta horiek prestatzen hasiak dira dagoeneko.
Barikuan egin zuten lehenengo entsegua Kultura Etxeko musika gelan 20 bat lagunek. Musika irakasle Lorea Larrañagaren gidaritzapean egin zuten eta asmoa da hemendik eta Gabonak iritsi bitartean gehiago egitea.
Hurrengo hitzordua eguenerako, hilak 16, egin dute Herri Eskolan. Bigarren saio hori Gabon egunean guraso elkartearekin batera eskean irteten den Adolfo Jainaga trikiti irakasleak gidatuko du. 19:00etan emango diote hasiera entseguari. Umeak zein helduak herritar guztiak daude bertan parte hartzera gonbidatuak.