Atez ateko bilketa defendatzen duen Gipuzkoa Zero Zabor taldeko kideak herrian izan dira asteon. Uneotan zaborren kudeaketaren inguruan mahai gainean dauden bi aukeren berri eman zuten eta Elgetan ere Zero Zabor taldea osatzeko proposamena egin zuten.
Zaborren gaia pil-pilean dago eta epe ertainean erabaki bat hartu beharko du Elgetako Udalak ere. Antzuolan martxoan hasi nahi dute atez ateko bilketa sistema. Oñatin, berriz, datozen hilabeteotan ipiniko dituzte Foru Aldundiak Gipuzkoan hondakin organikoak batzeko hedatu nahi dituen edukiontzi marroiak.
Etxeko olioa batzeko edukiontzia
Oraingoz, Elgetara iritsiko den berrikuntza bakarra etxeko olio erabilia batzeko edukiontzia da. Eko3R enpresak ipiniko du, Mankomunitateak horrela eskatuta. "Edukiontzi bat ipiniko da Elgetan, seguruenik Berraondokoan", esan du Oxel Erostarbe alkateak. Edukiontzi hori hasiera batean plaza inguruan ipintzearen egokitasuna aztertzen ari dira asteotan Udalean. "Asmoa da urtarrilerako zerbitzu hori martxan ipintzea. Mankomunitateak zehaztuko du hori", esan du alkateak. Bien bitartean, 2009ko zabor bilketaren gaineko datuak jakin ditugu.