Maala Guraso Elkarteak Udalera jo du eskolara jaisten den kalean oraindik ere autoak sartzen eta aparkatzen direla azalduz. "Kale hori oinezkoen gune izendatu zuen Udalak 2010eko uztailaren 13an, eta hala jasota dago Oinezkoen Kaleetarako Arautegian", gogorarazten dute. "Ondorioz, Maala kalean ezin da autorik sartu, ezta aparkatu ere".
Arautegi hori eztabaidatzeko foroetan erabaki zen haurren segurtasunerako Maala kalea eta herriko beste zenbait zona autorik gabeko gune izendatzea. Maala kalearen kasua herritarrengandik irtendako proposamena izan zen. "Udalak ez zeukan hori horrela aurreikusita eta proposamen horretan bat etorri ziren parte-hartzaile guztiak", adierazi dute. Hala, guraso elkarteak eskolako gurasoei zein langileei eskatzen die Maala kalean autorik gehiago ez sartzeko.
Seinalea ipiniko dute
Udaletik berretsi egin digute Maala kalean debekatuta dagoela autoak sartzea zein aparkatzea. Seinale bat ipintzekotan direla ere azaldu dute.