"Zuzenketa bat exijitzen diogu Paulino Luesmari"

Mireia Bikuña 2008ko mai. 8a, 15:42
"Espainiako Gobernuko ordezkari ohi Paulino Luesmak, hanka sartu du barruraino Domingo Iturbe kaleraren auzian. Horregatik, zuzenketa bat exijitzen diogu, eta jakin dezala, ez dugula kalearen izena aldatuko". Halako hitz gogorrekin salatu du Elgetako alkate Oxel Erostarbek gaurko prentsaurrekoan, herrian dagoen Domingo Iturbe kalearen inguruan hainbat komunikabidek idatzitakoa.

Arazoa duela hilabete eta erdi hasi zen Paulino Luesmak egindako adierazpen batzuk irakurrita: "Zioen zortzi herritan, tartean Elgetan, ETAko kide izandakoen omenezko kaleak zeudela. Hain zuzen, Domingo Iturbe kalea", azaldu du Erostarbek. Adierazpen haien ondotik, Luesmaren gutun bat heldu zen udalera, eta hauxe zioen: "Zuen herrian Domingo Iturbe izeneko kale bat dago, eta horrek ohore eta duintasun eskubideak urratzen ditu". Elgetako udal arduradunen harridurarako, egun batzuk beranduago, Dignidad y Justicia elkarteko gutuna jaso zuten esanez "Elgetan ,Domingo Iturbe, ETAko kide izandakoaren omenezko kale bat" zegoela, eta kalearen izena aldatzeko eskaera egiten zioten Elgetako alkateari, apirilaren 30a baino lehen, bestela, "auzia epaitegietara eramango" zutela azpimarratzen zuten.
"Okerrena da gurekin ez dela inor zuzenean hartu-emanetan jarri. Dignidad y Justicia elkarteak Espainiako komunikabideetan irakurri duenarekin nahiko izan du kalearen izen-aldaketa eskatzeko. Ba, jakin dezatela Elgetako bizilagun guztiek dakitela Domingo Iturbe Elgetan jaio zela 1833. urtean, eta ez zela ETAko militantea izan", esan du alkateak.

"Ez diogu izena aldatuko"

Horren harira, Oxel Erostarbek argi eta garbi utzi du ez diotela kaleari izena aldatuko: "Paulino Luesma , eta Dignidad y Justicia Elkarteko presidente Daniel Portero de la Torresi garbi esan nahi diegu, ez dugula kaleraren izena aldatuko, eta ez ditugula inongo erakunde eta elkarteen mehatxuak onartuko".
Gainera, esan du, Luesma, Portero de la Torre eta, besteak beste, El Mundo, La Razon eta ABC egunkariak "barregarri" geratu direla, auzi honetan "beraien helburu bakarra da, Euskal Herri guztia ETArekin lotzea, eta gure lurraldean, dena ez da ETA. Garbi izan beharko lukete hori".
Bestalde, Espainiako Gobernuko egungo ordezkari Mikel Cabiezesi Domingo Iturbe kaleari izena jartzeko egindako bilerako akta bidali diotela esan du alkateak: "Kalearen izena onartzeko batzarra 1994. urtean egin zen, eta aktan irakurriko dute, bozketa egiteko garaian HBko zinegotzi zirenak abstenitu egin zirela, haiek, kalearendako beste proposamen bat zuten-eta. Orduan konturatuko dira hanka barruraino sartu dutela. Era berean, espero dugu akta irakurri ondoren, Espainiako Gobernuko ordezkaria gurekin harremanetan jartzea".
Horregatik guztiagatik "zuzenketa bat exijitzen" diote Paulino Luesmari. "Barregarri geratu da, gure herriko kalearen izenaren gaineko informazioa eskatu barik, adierazpenak egin dituelako. Halako kargua duen pertsona batek, derrigor egon behar du ondo informatuta".

Nor zen Domingo Iturbe?

Domingo Iturbe 1833. urtean jaio zen Elgetan. Ameriketara joan zen, eta urrearekin aberastuta itzuli zen herrira. Gizon elizkoia zen, eta 1911. urtean Jesusen Bihotzaren kristau eskolak sortu zituen, bost eta 15 urteko arteko haur eta gazteei heziketa erlijiosoa doan emateko helburuarekin. Gainera, inguruko herrietatik joandako ikasle gutxi batzuk ere egon ziren bertan. Berak sortutako eskolan, euskaraz berba egin eta eskolak ematen zituen irakasle bat egon zen. Domingo Iturbek sortutako eskolak 25 urte iraun zuen, hain zuzen gerra hasi arte. Orduan sortu zen, egun oraindik ere martxan dagoen, Domingo Iturbe izeneko fundazioa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak