Zuritu du eta bihar egoera korapilotsua izan daiteke

Udaletxean abisua jaso dute 15 bat zentimetroko elur kapa gelditu daitekeela, eta eskolako zuzendaritzak ohartarazi du bihar irakasleak iritsi ezinik gelditzen badira eskola itxi egingo dutela.

Hemen da neguko bigarren elurtea. Iragarpen guztien arabera gogotik botako du elurra, eta hori gaur eta bihar eguerdira arteko epean izango da. Foru Aldundiak martxan du neguko bide zaintza plana. Elgetan eta Kanpanzarren elurra kentzeko makina bana daude. Foru Aldundiko elurra kentzeko makinarendako lehentasuna, gainera, Bergara eta Elgeta arteko errepideak daukala jakin dugu.

Elurra gogotik

Elurrak zuritu ditu Elgetako bazterrak, nahiz eta momentuz hori ez den arazo. Udaletxean abisua jaso dute elurte honek 15 zentimetrora arteko elur kapa laga dezakeela. Bestetik, Herri eskolako zuzendaritzak gurasoei jakinarazi die egoera asko okertzen bada egun batez eskola ixteko erabakia hartuko dutela.
     Lehenengo orduan, 09:00etan, bi irakasle egongo dira eskolan. Gainerakoak lehenbailehen iristeko konpromisoa hartu dute, baina hori ezinezkoa izango balitz eskola egun batez ixteko erabakia hartu beharko dutela aurreratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.