Zesta punta ikastaroak umeendako

Irati Agirreazaldegi 2008ko aza. 14a, 10:20
Ozkarbi elkarteak zesta-punta ikastaroa antolatu du umeendako. Lehen saioa eguenean egin zuten eta hurrengoak azaroaren 20an eta 27an egingo dituzte. Elgetan bizi den Ibon Arrasate ondarrutarra izango dute irakasle eta umeendako egokitutako materiala erabiliko dute.

Ozkarbi elkarteko Juan Luis Uberak proposatu zion ikastaroaren ideia Ibon Arrasateri. "Nik txikitatik jokatu izan dut zesta-puntan. Ondarrutarra naiz eta Markinan ikasi nuen jokatzen. Zesta-puntako bi pilotari ohi izan nituen irakasle: Altzalei eta Jauregi. 9 urterekin hasi eta 14ra arte ibili nintzen. Gerora nire kabuz jardun izan dut, zaletasuna da-eta niretzat", esan digu Ibonek.

Ikastaroan umeei erakutsiko die erreminta nolakoa den eta nola erabili behar den; Pilota hartzen, eusten eta botatzen. "Ikusi behar dute eskuaren luzapena dela zesta, eta pilotak harekin egingo duela kontaktua. Baina, batez ere, zesta-puntan ondo pasatzen eta minik ez hartzen erakutsiko diet".

Elgetan betidanik egon da pilotarako zaletasuna "baina zestarako zaletasuna ez dago Bizkaian bezain errotua", dio Ibon Arrasatek. Hala ere, bere ustez, "babestu beharreko kirola da, kulturalki aberatsa izan delako, besteak beste, Ameriketan euskaldunon izaera zabaldu duelako".

 

Materiala umeendako egokia

Udal pilotalekuan egingo dute ikastaroa baina Arrasateren esanetan, "Gipuzkoan zaila da zestarako frontoi egokiak aurkitzea. Frontoiaren tamainak eta babesak zeresan handia dute, eta egitura ere hartu behar da kontuan, horretarako egokituta egon ezean, apurtu egin daitekeelako. Inguruan, Arrasateko Musakolako kiroldegiko frontoia da egokiena, eta tarteka joaten naiz".

Frontoia betikoa baina materiala umeendako egokitua erabiliko dute: "Eurendako egokitutako materiala erabiliko dugu: plastikozko zestak, arinagoak. Lehenengo urritzez egiten zituzten eta gero gaztainondoz, baina garestiak eta pisutsuak dira umeendako". Umeak pilotan ohituta daudela eta
ondo moldatuko diren ustea du irakasleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak