Eguaztenean, hilak 6, Lehendakaritza eta Foru Administrazioko diputatu Edurne Egaña Elgetan izan zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kudeatuz programaren bitartez Elgetan burutuko diren ekimenen berri ematera etorri zen.
Lehenengo etxe bakoitzeko inkesta bana jasoko dute herritarrek postontzian. Galdetegi labur bat da eta bere helburua da udalaren eta udal zerbitzuen inguruan herritarrek duten iritzia jasotzea.
Urria aurrera joan ahala ekimen gehiago ere etorriko dira. Hilaren 21ean, esaterako, herritarren parte hartzea ezinbestekoa duen hausnarketa prozesu berri baten aurkezpen ekitaldia egingo dute kafe antzokian. Udalak jakin gura du elgetarrek nolako herria nahi duten 2020. urtean. Hala, hiru lan bilera egingo ditu prozesu horretan parte hartzea onartzen duten herritarrekin.
200 inkesta telefonoz
Gainera, Gizaker enpresak 200 inkesta egingo ditu telefonoz. Herritarrei 30 bat galdera egingo dizkiete guztiak herriko hainbat gairen inguruan. "Elgetarrei eskatzen diegu galdetegi horiek arretaz erantzutea", eskatu dute alkateak eta foru diputatuak.