Zaborren zerga %16,1 igotzea onartu du udalbatzak

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko urr. 31a, 19:25

Debagoieneko Mankomunitatearen urteko igoerari (%13,9) Udalak gaikako zabor-bilketaren gaineko tasa erantsi dio zaborren zergari

Zaborren zerga %16,1 igoko dute aurten Elgetan. Debagoieneko Mankomunitateak %13,9ko igoera aplikatuko dio zaborrak batzeko eskaintzen duen zerbitzuari. Kopuru horri, Udalak gaikako zabor-bilketaren gaineko zerga erantsi dio. Gainera, urtarriletik aurrera zaborren zerga baserriei ere aplikatuko zaie, orain arte ez bezala.
Aralar eta EAE-ANVren aldeko botoekin onartu zen proposamena urriaren 30eko plenoan. Elgetako Abertzaleak  aurka bozkatu zuen. "Mankomunitatearen igoera nahikoa karga da aurten, gainetik beste zerga bat eransteko", esan zuen Iñaki Ugarteburu zinegotziak. "Eta baserriak gehiago grabatzeari arriskua ikusten diogu. Ez diogu sektoreari fabore handirik egingo".


Hamar euroko aldea
Oxel Erostarbe alkateak azaldu zuen filosofia kontua dela. "Zaborren tratamenduak kostu bat dauka eta herritarrak kontziente izan behar dute ". Neurri honekin Elgetaren ordenantza fiskalak Debagoienekoetara egokitzen direla esan zuen eta argitu zuen igoera hamar euro ingurukoa izango dela. "Herritarrok jasotzen dugun zerbitzua erakunde publikoak ordaindu beharrean herritarrok ordaintzea onartu dugu", azaldu zuen Erostarbek. Baserriei zerga aplikatzeari buruz esan zuen Debagoieneko herri guztietan egiten dela dagoeneko, Bergaran salbu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak