"Domingo Iturbe kaleko urbanizazio berrian lanak amaituta daude. Datorren astetik aurrera gune hori eta San Roke osteko parke berria zabalik egongo dira herritarrendako". Oxel Erostarbe alkatearen hitzak dira. Uste du herritarrendako aisialdirako gune atsegina izango dela San Roke osteko parke berria. "Gunea oinezkoendako egokitu gura izan dugu", adierazi du. "Harriak ipini ditugu Eibarrerako bide hertzean ibilgailuak sartzerik izan ez dezaten. Hilerriaren alde banatan piboteak jarriko ditugu eta parkean iturri bat zein atsedenerako eserlekuak egongo dira".
Aldaketa handiak antzematen dira San Roke osteko gunean. Lurra bota dute inguru guztian eta zorua lautu dute. Pasierako ibilalditxo batek zeharkatzen du parke berria. Egunotan, beharginak lanean dihardute lorategiak eta belar-guneak atontzen. "Espero dugu, aurrerantzean, Elgetarrek trankil paseatzeko leku bat edukitzea, inguru hau polita delako horretarako", esan du Erostarbek.
Aldaketak parkean
Aurreko udal taldeak proiektatutako parkea da San Roke ostekoa. Udal gobernu berriak, baina, zenbait aldaketa egin ditu proiektu horretan.
"Aurreikusita zegoen tresneria gure ustez oso garestia zen", azaldu du Erostarbe alkateak. "Esaterako, 1.200 euroko zakarrontziak zeuden aurreikusita aurreko proiektuan eta aldatu egin ditugu. Tresneria merkeagoa aukeratu dugu eta diru horrekin gunea ibilgailuei ixteko aukera izan dugu. Gainera, lurra lautu egin dugu eta inguru guztian belarra ereingo dugu". Inguru horretan, halaber, aurkitzen da lurperatuta Uruburuko etxeendako transformadore elektrikoa. Polemika handia sortu zuen eta azkenean lekuz aldatzea erabaki zuen osokoak.
Urbanizazioa amaituta
San Roke ostean, bestalde, etxebizitza berri mordoa egin dituzte. Uruburuko 18 etxebizitza tasatuak kenduta, gainerako guztiak amaituta daude eta urbanizazio lanak eginda. Eremu hori ere datorren astean zabalduko dutela adierazi du Oxel Erostarbe alkateak.
Hamar txaleta, bi bizitzako 20 etxe eta elkarri atxikitutako 18 etxebizitza dira guztira. Etxeak egin dituen Hirualde Bat enpresa eraikitzailetik jakinarazi dute etxebizitza horietako jabeek hilabete barru inguru jasoko dituztela giltzak. Etxeak egokitu eta sukaldeak jarri beharko dituzte oraindik ere. Denbora pixka bat beharko da, beraz, Domingo Iturbe kaleko auzune berrian lehenengo bizilagunak bizi izaten ikusteko. Bien bitartean, pasiorako eta aisialdirako gune berria izango dugu Elgetan.