Uztaila bertan dugu eta Udala hasita dago urteroko udaleku irekiak prestatzen. "Gure helburu nagusia urtetik urtera eskaintza hobetzea da eta horretan dihardugu", adierazi du Rebeka Ubera zinegotziak.
"Hezkuntza-aisialdi proiektua lantzen dihardugu ahalik eta kalitate handiena bermatzeko". Aurten uztaileko udalekuak bi urtetik hasi eta 16 urte arteko ume eta gazteei eskainitako zerbitzua izango da. "Adin bakoitzari egokitutako programa eta taldeak egingo ditugu", azaldu du Uberak, "eta aisialdiko ekintzak kirolarekin tartekatuko ditugu. Horretarako Udalak hezitzaile gehiago kontratatuko ditu, hiru zehatz esanda.
Izenematea zabalik
Ekainaren 8tik 19ra bitartean egongo da zabalik udalekuotan izena emateko epea. Uda aisialdiak hiru asteko iraupena izango du; uztailaren 6tik 24ra arte. Interesa dutenendako informazio bilera egingo dute eguaztenean, hilak 10, udaletxean 18:30ean. Kuota garestiena 90 euroko da.
Kuotak 2009
Seme edo alaba bakarra izanez gero hiru aste 90€, bi aste 70€ eta aste bakarra 45€.
Bi seme edo alaba izanez gero hiru aste 70€ umeko, bi aste 60€ umeko, eta aste bakarra 35€ umeko.
Hiru seme-alabatik gora hiru aste 60€ umeko, bi aste 50€ umeko, eta aste bakarra 30€ umeko.