Zabala Hermanos enpresako langileek bertan behera utzi dituzte, momentuz, protesta ekitaldiak

Larraitz Zeberio Lekuona 2010eko irailaren 23a

Gaur eguerdian Norica Lauronako ordezkariekin egindako bileran agindu diete martitzenean emango dietela enpresaren egoera ekonomikoaren berri.

Erregulazio Espedientean daude, hiru nomina eta udako aparteko ordainsaria zor dizkiete, eta produktu eskaera izan arren ezin dute aurrera atera materiala gehiago bidali aurretik hornitzaileek zorrak kitatzea eskatzen dutelako.
     Egoera zailean daude Zabala Hermanos lantegiko 27 beharginak. Protesta ekitaldiekin hastea erabaki zuten, baina gaur Norica Laurona enpresako ordezkariekin egindako bileraren ostean elkarretaratze horiek momentuz bertan behera uztea erabaki dute. Enpresa eibartarrak agindu die martitzenean Elgetako plantaren egoera ekonomikoaren berri emango diela. Bihar, barikua, Eibarko Untzaga plazan egitekoa zuten elkarretaratzea, beraz, bertan behera gelditu da.

Bideragarritasun plana

Norica Laurona enpresa eibartarrak 2009ko martxoan erosi zuen Zabala Hermanos. Zuzendaritzako ordezkari Angel Bollainen esanetan eskopetaren merkatuak 10 urte daramatza krisi egoera, eta egungo krisiak nabarmen zaildu ditu gauzak. Onartu egin du Elgetako langileei dirua zor zaiela, eta esan du bideragarritasun planaren emaitzen zain daudela. "Ikusi egin beharko dugu egoera hau nola gainditzen dugun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak