XVI. mendetik datorren ohiturari jarraipena emanez 30 bat kofrade elkartu ziren urteroko ekitaldirako

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko urt. 21a, 21:07
Domekan egin zuten urteroko ekitaldia Elgetako Nobleen San Sebastian Kofradiako kideek. Kontuak kitatu, meza entzun eta bazkaria egin zuten. Errege Katolikoen garaitik datorren kofradia da, lurrak defenditzeko egina.

Aurten domekarekin jausi da urtarrilaren 20a eta kofrade asko batu dira urteroko ekitaldirako. 12:00etan elkartu ziren gehienak Elgetako elizan. Hildako kofradeen omenezko meza entzun ostean parrokiako sakristian bildu ziren urteko kontuak kitatzeko. "Kofrade bakoitzak meza bat ordaindu behar du", azaldu du gaur egun idazkari lanak egiten dituen Juan Ramon Irazabal kofradeak. "Elgetan hiru talde daude; Elgeta, Ubera eta Angiozar. Guk Uberakoekin batera egiten dugu ospakizuna. Angiozar auzokoek euren aldetik egiten dute".


Sorrerako liburua, 1584koa
Elgetako kofradia noiz sortua den ez daki inork zehatz-mehatz. Udaletxeko txoko batean aurkitzen da sorrerako liburua, baina nahiko hondatuta dago eta ez da erraza bertan jasotzen direnak ulertzea. Liburua 1584. urtekoa da eta  1828. urtera arteko aktak jasotzen ditu. "Kofradia, antza denez, lurrak defenditzeko lur jabeek edo nobleek sortutakoa elkartea da", azaldu du Irazabalek. "Lur horiek defenditzeko Errege Katolikoek armak edukitzeko emandako baimenarekin sortu zen kofradia. Horregatik agertzen da euren ikurra liburu hasieran".
Garai bateko Maala ospitalea eraikitzeko egindako ordainketak ere liburuan agertzen dira. Egungo kofradeak hasierako kofrade horien oinordekoak dira eta emango diote jarraipena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak