Uruburuko transformadorea hilerri ondoan jarriko dute azkenean

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko uzt. 20a, 14:22
Aralarrek kostua zinegotzien soldatekin ordaintzea proposatu zuen, baina ez zuen beste bi alderdien babesa jaso. EAJ-EA eta EAE-ANVko zinegotziek euren soldatei eutsi zieten eta leku aldaketaren kostua, 58.000 euro, diru publikotik ordainduko da.

Uruburuko transformadore elektrikoa hilerri ondoan jarriko dute azkenean, Jose Martingoa etxea eta lehenengo adosatuen artean, erdibidean gutxigora behera.
Kokapen berria onartzeko bat etorri ziren udaletxeko hiru alderdi politikoak. Ez, ordea, transformadorearen leku aldaketak eragingo duen 58.000 euroko kostua nola ordaindu erabakitzerakoan.
Aralarrek kostu hori zinegotzien soldatekin ordaintzeko proposatu zuen. Hau da, zinegotzi izatearren hautetsiek hilean jasotzen dituzten 116,19 euro eta talde politiko bakoitzak hilero jasotzen dituen 46,47 euro lau urtez gastu hori ordaintzera bideratzea. "Zulo hori ardura politikoak sortu du eta proposatu dugu politikoek euren poltsikotik ordaintzea", esan zuen plenoan Oxel Erostarbe alkateak. Proposamenak, baina, ez zuen aurrera egin. Kontra bozkatu zuten EAJ-EA koalizioko hiru zinegotziek eta Eusko Abertzale Ekintzako biek.


Diru publikotik, azkenean
Aralarren proposamena atzera bota ostean, EAJ-EAk berria jarri zuen mahai gainean. 58.000 euroak diru publikotik ordaintzea, alegia. EAE-ANVko bi zinegotziek bat egin zuten proposamen honekin. Hortaz, hurrengo hazienda batzordeetan aurrekontuak aldatu behar dira eta erabaki onartutako zein dirusail kendu beharko diren.
"Azkenean, herritarrek ordaindu beharko dute politikoen hanka sartzea", esan zuen pleno amaieran Oxel Erostarbe alkateak. "Hori da hemen erabaki dena. Argi daukagu gastu horren erantzule zuzena aurreko gobernua dela, baina batzuk gehiago begiratu diote euren poltsikora".

Informazio falta salatu dute
EAJ-EA-k salatu du gai honekin Aralarrek demagogiaz jokatu duela eta Eusko Abertzale Ekintzarekin bat etorri da informazioa eza salatzeko. "Berandu eta telefonoz jaso dugu kokapen aldaketaren berri". EAE-ANVk, berriz, Aralarrek egindako proposamena tranpa bat zela esan zuen plenoan.

Aralarren idatzia
Plenoaren biharamunean, Aralar-Independenteak taldeak prentsa-oharra bidali du. Bertan, plenoan hartutako erabakiaren harira honakoa adierazten du:

1. Argi azaldu gura dute Udalaren egoera ekonomikoa ez dela ona.

2. Hartutako erabakiak Udala gehiago zorpetzera edo aurrekontuetan onartuta dauden zenbait dirusail bertan behera lagatzea ekarriko duela.

3. Hala, espero dute hurrengo hazienda batzordera EAJ-EA eta EAE-ANVk gastu berri honi aurre nola egin proposamen zehatza ekartzea.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak