Domekan 100 bat lagunek hartu zuten parte Espainiako gerran hildakoen omenez egindako ekitaldian. Bai Elgetako Udalak bai 1937 Intxorta kultur elkarteko kideek ekintzaren gaineko balorazio positiboa egin dute. "Ekintzak harrera oso ona izan du herritarren artean", esan du Oxel Erostarbe alkateak. "Elgeta leku garrantzitsua izan zen gerran eta domekako ekintzari jarraipena eman nahi diogu Udaletik".
1937 Intxorta kultur elkarteko Jesus Gutierrezen hitzetan ekitaldi polita izan zen domekakoa. "Jendearen interesa zenbaterainokoa zen ikusi nahi genuen eta gustura gaude alde horretatik", adierazi du. "Parte hartzaile gehienak ingurukoak ziren, ingurua ondo ezagutzen dutenak. Iruditzen zait, baina, aurrerantzean beste begi batzuekin ikusiko dutela.
Etorkizunean ibilbide gehiago
Domekako irteeran parte hartzeko aukerarik izan ez baduzue, jakin ekaineko lehenengo asteburuan egingo den Mundumira jaialdian txango berdina antolatu dutela. Gainera, UNED-ek Espainiako Gerraren inguruko seminarioa egingo du Udako Ikastaroetan eta ekainaren 27an Elgetako fronteko posizio garrantzitsuenak ezagutzeko beste irteera bat egingo dute. Aurrerantzean, urrian ere ekintzak antolatzeko asmoa dute udaletxean, izan ere, 1936ko urrian borroka latza izan zen Elgetako frontean.