Eskola umeek luze eta zabal landu dute uraren gaia. Herriko eta eskolako iturrien ur kontsumoa neurtu dituzte, errekaren egoera aztertu dute, Aixolako urtegian eta Badiola araztegian ere izan dira... Zapatutik aurrera egingo den Elgetako I. Aste Berdean emango dute egindako lanaren berri. Pleno aretora eramango dituzte hilaren 22an egindako ikerketak. Ur kontsumoa murrizteko hainbat konpromiso hartzeko eskaera ere egingo diete udal batzarreko kideei.
Eko-erreduktoreak doan
Egun berean, goizetik, ur kontsumoa murrizteko eko-erreduktoreak banatuko dituzte eskolako umeek herriko plazan. "Udal eraikin denetako txorrotetan eko-erreduktoreak ipiniko ditugu", agindu die dagoeneko Oxel Erostarbe alkateak. "Kalkulatzen dugu modu horretan ur kontsumoa erdira jaitsiko dugula". Erostarbek gaineratu du Agenda 21eko ekintza plana eguneratzen hasiak direla udaletxean, eta herritarren iritziak kontuan hartzeko inkesta banatuko dutela laster etxez etxe.
Ekonomikoki gidatzeko ikastaroa
Zapatuan, hilak 17, modu ekonomikoan gidatzeko ikastaroak emango dio hasiera Elgetako I. Aste Berdeari. Lau orduko ikastaroa izango da eta arlo teorikoa zein praktikoa izango ditu. Real Automovil Club elkarteko kideek hainbat gomendio emango dituzte modu ekonomiko eta eraginkorrean gidatzeko. Parte hartzaileek aukera izango dute egunean bertan ikasitakoak kontua hartutako gidatuz gero kontsumoa zenbat jaisten den ikusteko. 10.00etan emango diote hasiera ikastaroari.
Egitaraua
* 17, zapatua
10:00etan, gidatzeko ikastaroa.
* 18, domeka
17:00etan, plazan, umeak urarekin ikertzen.
* 19, astelehena
10:00etan, plazan, 'Ura aurrezten' erakusketa.
* 20, martitzena
11:00etan, Salbador kalean, 'Ura Elgetan zehar' umeendako.
* 21, eguaztena
14:30ean, eskolan, konpostaje ikastaroa.
* 22, eguena
Goizean, plazan, eko-erreduktoreen banaketa.
14:30ean, udaletxean, Eskola Agenda 21 lanaren aurkezpena.
* 23, barikua
09:00etan, plazan, ur jolasak.
* 26, martitzena
19:00etan, udaletxean, hitzaldia. Iñaki Antiguedad.
* Ekainak 1, domeka
09:30ean, plazatik, irteera.