Elgetako I. Aste Berdearen barruan eskolako umeek eko-erreduktoreak banatu dituzte goizean herritarren artean. Eskolako umeek bi ordu inguru egin dituzte udaletxeko arkupean eta 40 bat lagun hurbildu zaizkie eko-erreduktoreak jasotzera. Abonatu zenbakia ematearen truke kaxa bana jaso dute interesatuek. Kaxa horretan hiru eko-erreduktore daude: bi txorrotetan ipintzeko eta bat dutxan. Uraren kontsumoa murrizteko tresna horien bitartez airea gehitu egiten da eta ur-emaria gutxitu. Horri esker, uraren kontsumoa %50 gutxitzea lor dezakegu. Interesatuta egonez gero, jakin kaxa horiek uztailaren 4ra arte jaso ahal izango direla udaletxean.