Errugbia kirol ezaguna da Euskal Herrian, baina oso gutxik praktikatzen dute Elgetan. Bada, herriko neska-mutikoek errugbia zer den eta nola praktikatzen den bertatik bertara ikusteko aukera izango dute laster.
Udalak jakinarazi du Elgetako umeak kirol modalitate honetara hurbiltzeko helburuarekin errugbi saioa antolatu duela hilaren 21erako. "Elorrioko errugbi taldearen laguntza izango dugu kirol ekintza honetan", adierazi du Rebeka Ubera zinegotziak. Eskola kirola barruko ekintza da honakoa eta izenemateak eskolaren bitartez bideratuko dira. "Ekintza hilaren 21ean, domeka, 11:00etatik aurrera egingo dugu kiroldegiko kantxan", jakinarazi du Uberak. Ekintza zabalik dago Elgetako neska-mutiko guztiendako. Zenbat jendek parte hartuko duen aldez aurretik jakiteko izena emateko eskaera egin du Udalak.