Umeek 30-40 pago landatuko dituzte Egoarbitza inguruan

Maider Arregi 2007ko martxoaren 28a

Basoko langileek dagoeneko prestatu dute lur sail bat Egoarbitzan.


Maya Ingurumen elkarteak eskatuta Elgetako Udalak Zuhaitz Eguna antolatuko du aurten. Apirilaren 1ean egingo da Zuhaitz Eguna eta, gehien bat, herriko umeei zuzendutako ekintzak izango da.
Egoarbitza inguruan dagoeneko prest dago 30-40 pago landatzeko lur saila. Basoko langileek egunotan aritu dira Egoarbitzan garbiketa lanak egiten. Zuhaitzen landaketa modu egokian egiteko ere lur saila markatuta utzi dute gainera. Hitzordua eginda dago dagoeneko. Landaketan parte hartu nahi duten guztiek herriko plazara agertu behar dute apirilaren 1ean, 10:00etan. Hamarretakoa eta aitzurrak Udalak jarriko ditu. Hori bai, inork aitzurra edukiz gero eramateko eskatu dute Udaletik.


Sentsibilizazioa helburu
Aurreko urtean ez zen Zuhaitz Eguna egin. Maya Ingurumen elkarteari, baina, garrantzitsua iruditzen zaio horrelako ekintzak antolatzea: "Txikiengan naturarenganako sentsibilitatea pizteko, lantzeko eta sustatzeko. Gero, gainera, zuhaitzak landatzea jarraipena eskatzen du eta landatutako zuhaitzak zaindu egin behar dituzte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak