Umeak gustura uztaileko aisialdi ekintzetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko uztailaren 6a

Irakurzaletasuna bultzatzeko Topaguneak uztailaren 21era arte luzatu du udal liburutegian Irakurri, Gozatu, Oparitu izeneko programa.


Astelehenetik 3-6 urte bitarteko 14 ume dabil uztaileko aisialdi ekintzetan parte hartzen. Ludotekan dute egunero hitzordua hiru begiraleekin. 10:00etan elkartzen dira eta hiru orduz askotariko ekintzak egiten dituzte euskaraz. Udalak hilaren 20ra arte eskainiko du zerbitzua. 


BTT irteera aukeran
Egoki elkarteak uztailaren 12ra arte luzatu du Bardeetako BTT irteeran izena emateko aukera. Txangoa uztailaren 15ean egingo dute eta dagoeneko sei lagunek eman dute izena. Bardeetan 40 kilometroko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek. Uztailaren 15ean 07:30ean abiatuko dira Herriko plazatik. Bidaia auto partikularretan egingo da eta ekintza doakoa da.

Irakurketa bultzatzeko
Opor egunok aproposak dira liburu on bat irakurtzeko. Topaguneak hilabetez luzatu du Irakurri, Gozatu, Oparitu kanpaina.
Liburuak erdi prezioan oparitzeko aukera ematen duen kanpaina honek arrakasta handia izan duela adierazi dute Topagunetik, baina ez da hori Elgetaren kasua. "Liburutegian kanpaina honetako 50 bat liburu ditugu eta oso jende gutxik eskatu ditu", esan du Maria Elena Eztenaga liburuzainak. "Elgetan oso gutxi dira euskaraz irakurtzen duten helduak. Bik bakarrik hartu dute parte kanpaina honetan".
Eztenagaren esanetan haurrek euskarazko liburu gehiago irakurtzen dituzte. "Egunotan asko etorri dira eskolan oporrotarako irakasleek gomendatutako liburu eske".
Kanpaina uztailaren 21era egongo da martxan, beraz inor animatzen bada zabalik aurkituko ditu liburutegiko ateak. Liburutegian, gainera, Maria Elena Eztenagaz gain Geaxi Ezpeleta elgetarrak artatuko ditu herritarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak