Ugaitz Artola, birritan erorita ere, lehenengoa Elgetan

Xabier Urtzelai 2008ko uzt. 20a, 22:19
Elgetako Mendiko Sariko 120 kilometroetako bakoitza lasterkariendako tranpa bilakatu da gaur. Lasterketako irabazle Ugaitz Artolak onartu du hori: "Jaitsieretan ez dakit errepidea zikin zegoelako edo zergatik, baina eroriko mordoa izan dira. Ni birritan erori naiz, baina zortea izan dut, eta urte hasieratik begiz jota neukan proba irabazi ahal izan dut", adierazi du Elgetara igotzen indartsuena izan den gizonak.

Azpiruko mutilak, baina, etxeko lanak ez ditu Elgetako maldetan egin, Arrasatetik Bergarara bidean, baizik. Tarte horretan  Ugaitz Artola (Azpiru), Fabrizio Ferrari (Azpiru), Guillermo Lana (Azpiru), Gorka Amuriza (Camargo), Egoitz Murgoitio (Baque) eta  Ibon Zugasti (Azysa) zeuden ihes eginda, eta erritmoa aldatuta Artolak aurrera egin du, 40 segundoko abantaila hartu zuen arte. "Azpiruko hiru ziklista egonda bistan zen hiruretako batek aurrea hartu behar zuela, besteen babespean. Azpiruko ez beste guztiak tiraka hasi gara, Zugasti harrapatu guran, baina Elgetara igotzeko indar barik geratzeko beldurra ere bageneukan. Hori dela-eta, inork ezin izan dio Artolari harrapatu", adierazi du Kantabriako itzulia irabazi berri duen Ibon Zugasti beteranoak –36 urte ditu–.
Zugastik aipatutako talde horretan zen Egoitz Murgiondok jaso du Langarika saria, eta Luis Maldonado izan da lasterketako txirrindulari borrokalariena. Cuevas el soplao taldeko ziklistak, baina, gogotik ordaindu du goizean zehar egindako esfortzua, 23. helmugaratu da.
   
Helmugan, txarto
Aurreratu moduan, Ugaitz Artolak zeharkatu du lehenengo Elgetako helmuga. Eta, segidan etorri da goizeko beste istripuetako bat. Artola helmugaratu eta berehala behar baino automobil gehiago pilatu dira plaza aurrean, tunela gurutzatu eta aurrera egin beharrean. Bigarren sailkatu den Alejandro Tamayok auto artean gurutzatu du helmuga, baina hirugarren postuagatik esprinta egiten zebiltzan Lanak, Ferrarik, Zugastik eta Amurizak parez pare aurkitu dituzte Azpiruko eta federazioko autoak. Hala, Euskaldun Torneoko lider Ferrarik federazioaren autoa jo du, bete-betean, eta amorratuta, baita kristalari ukabilkada eman ere. Minutu batzuk geroago, lasaiago egin du berba: "Ez dakit aurrean jendea zegoelako edo zergatik, baina autoak behar ez zen lekuan geratu dira, eta min hartzeko moduko kolpea hartu dut. Ahalegindu naiz geratzen, baina ezertarako ere ez. Bizikletako koadroa hautsi dut".
Debagoiendarren artean, Kepa Varela (Baque) bergararra 21. postuan iritsi da helmugara.

 

Sailkapena, hemen:

1. Ugaitz Artola (Azpiru)    3:07:39
2. Alejandro Tamayo (Azpiru)    3:07:52
3. Guillermo Lana (Azpiru)    3:07:52
4. Fabricio Ferrari (Azpiru)    3:07:52
5. Ibon Zugasti (Azysa Cetya)    3:07:52
6. Gorka Amuriza (Camargo)    3:07:52
7. David Gutierrez (Camargo)    3:07:52
8. David Ortiz (Camargo)    3:07:52
9. Garikoitz Zabaleta (Bidelan)    3:07:52
10. Higinio Fernandez (Cueva)    3:08:03
11. Jordi Fite (Azysa Cetya)    3:08:03
12. Egoitz Murgoitio (Baque)    3:08:33
13. Andrey Amador (Lizarte)    3:08:33
14. Carlos Juez (Baque)    3:08:40
15. Jose Carlos Lara (Cueva)    3:08:40
16. Garikoitz Atxa (Lizarte)    3:08:45
17. Asier Fernandez (Telco)    3:08:45
18. Pere Solano (Azysa)    3:09:05
19. Eloy Carral (Cueva)    3:09:32
20. Aitor Reguillaga (Telco)    3:10:25
21. Kepa Varela (Cafes Baque)    3:11:47
22. Arturo Mora (Cueva)    3:12:53
23. Luis Maldonado (Cuevo)    3:12:53
24. Jagoba Arberas (Naturgas)    3:13:03
25. Hector Espasandin (C.Rural)    3:13:03

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak