Udazken jaian pintxo lehiaketa, perretxiko erakusketa eta baba jana egingo dira domekan

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko urr. 17a, 13:14
Turismo batzordeak I. pintxo lehiaketa, irteera eta perretxiko erakusketa, bertsolari saioak eta baba jana antolatu ditu domekan egingo den udazken jairako.

Lan handia hartu du azken asteotan Turismo batzordeko buru Edurne Alberdik. Domekako egitaraua prestatzen buru belarri ibili da, baina pozik dago: “Ostalariak, perretxiko biltzaileak... denek ikusi dute ekimena begi onez eta helburua da Elgeta kanpotarrei ere zabaltzea. Aukera asko eskaintzen ditu gure herriak: gastronomia, mendi ibilbideak, txango laburrak... Domeka egun aproposa izango da inguruotan ibilalditxo bat egiteko, plazan perretxiko erakusketa ederra ikusteko eta tabernetan pintxo goxoak dastatzeko”.

I. pintxo lehiaketa

Txapela eta garaikurra eskuratuko ditu domekan pintxorik goxoena egiten duen tabernariak. Herriko zazpi establezimenduk hartuko dute parte: Haizea tabernak, Ostatu jatetxeak, Espaloiak, Iñaki jatetxeak, Bolatokiak, Hotelak eta Eguzkitzak. Epaimahai lanak egiten lau herritar ipiniko dituzte; Intxorta, Ozkarbi, Mendi Mendian eta Gure Borda elkarteetatik ordezkari bana. Epaimahai kideek 13:30ean emango dute euren erabakiaren berri. Domekan, gainera, pintxoak euro bateko prezioan egongo dira taberna guztietan.
       Baba jana egiteko aukera ere egongo da. Hogei eurotan babak, saiheskia, edariak, postrea eta kafea emango dituzte jatetxe denetan hotelean kenduta. Hotelean beste menua eskaini dute. Erreserbak www.elgeta.org webgunean egin daitezke.

Perretxiko erakusketa

Domekan perretxikoak batzeko irteera ere egingo dute 09:00etan abiatuta. Bildutako aleekin eta astean zehar Pello Gorrotxategik, Jose Antonio Irazabalek, Alex Arantzabalek, Alejandro Cristobalek, Carlos Fernandezek, Benedikta Arotzenak batutakoekin erakusketa jarriko dute herriko plazan. 11:30ean hasita jangarriak diren perretxikoak, pozoitsuak eta hilkorrak direnekin batera aurkituko ditugu. Hori bai, denak ondo bereiztuak eta sailkatuak. Bertsoak ere ez dira faltako. Tabernaz taberna Hamaika bertute taldeko bertsolariak arituko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak