Udaletxean pozik jaietan herritarren parte hartzea handia izan delako

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko uztailaren 11

Jai batzordea hilaren 16an batuko da balorazioa egiteko. Hitzordua 21:00etarako finkatu dute.

"Pozik gaude elgetarrek egindako deiari erantzun egin diotelako", adierazi du Oxel Erostarbe alkateak jaien inguruko balorazioan. "2008ko Ferixa Nagusirako genituen helburuak ziren jaiak kalera ateratzea eta parte hartzaileak izatea. Biak lortu ditugu eta pozik gaude".
Herritarren parte hartzea nabarmendu du alkateak umeen jokoetan, egueneko mozorroetan, herri bazkarian eta herri egunean baserritarrez jantzi zirelako.


Eskerrak emateko txanda
Eskerrak eman dizkie Erostarbek antolatutako egitaraua aurrera eramaten lagundu duten elkarte eta norbanako guztiei. "Hainbat elkartetako lagunek eta hainbat herritarrek lanean jardun dute denok jaietan ondo pasatzeko: salda, sahieskia eta kafea gertatzen eta banatzen, paella banatzen, herri afaria zerbitzatzen, idi probak antolatzen, umeen jokoetan laguntzen, erretiratuei bazkaria ematen, mozorroak gertatzen, zezenetarako bailak ipintzen, feria antolatzen, txitxiburduntzia gertatzen, bolo jokoa egiten, astoak lagatzen... Zorionak denei eta eskerrik asko", adierazi du alkateak.

Hobetu beharrekoak
Alkatearen ustez, baina, badaude hobetu beharrekoak. "Mariatxietan soinua ez zen ondo entzuten", esan du. "Mariatxiak entzuteko soinua ipintzeak asko balio duela kontuan hartuta, arazoa nola konpondu pentsatu beharko dugu", adierazi du.

Mendi kriteriuma, 20an
Ferixa Nagusiko egitaraua betetzeko azken ekitaldi bat gelditzen da; XXIV. Euskadiko Mendiko txirrindulari lasterketa, hain zuzen ere. Hilaren 20an, domeka, egingo da. Zalantza askoren ondotik,  ekaina hasieran erabaki zuten lasterketak jarraipena izango zuela, gutxienez beste urtebetez.
Elgetako txirrindulari elkarteko kideak guztia gertatzen ari dira 23 urtetik beherakoek eta elite mailako txirrindulariek osatuko duten tropela iristen denerako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak