Udalak 2.835.565,76 euroko aurrekontua onartu du 2008rako

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko urt. 18a, 15:27
Salbador kaleko lanei, haurreskola berriari, erdiguneko etxebizitzak berritzeko planari eta kultura etxeko igogailuari eman diete lehentasuna. Oposizioak ez du logikoa ikusten eskatuta dagoen auditoriaren datuak ezagutu aurretik aurrekontuak onartzea eta diru sarreren %20a mailegu baten bidez lortzea arriskutsuegia ikusten dute.

2008rako 2.835.565,76 euroko aurrekontua onartu du Elgetako Udalak. Salbador kaleko lanak (427.906 e) haurreskola-gazteleku berria (200.000 e) eta erdiguneko etxebizitzak eraberritzeko plana (60.000 e) dira aurrekontuotako proiektu nagusiak.
Aralar eta Eusko Abertzale Ekintzako aldeko botoekin onartu dute aurrekontua Elgetan. Elgetako Abertzaleak taldeko hiru zinegotziek kontrako botoa eman zuten.

Oposizioak kontrako botoa
Martxan dagoen auditoriaren emaitzak ez ezagutzea, mendi museoaren proiektura xentimorik ez bideratzea eta diru sarreren %20a mailegu betekin betetzea onartezina iruditzen zaio oposizioari. "Planteatzen diren kopuruak ez dira errealak", esan du Iñaki Ugarteburuk. "Biztanle bakoitzeko zorra gaur egun 642 eurokoa da eta aurrekontuak planteatzen duen maileguarekin 1.135 eurotara igoko da. Orain egoera onargarria izan daiteke, baina sortuko dena beldurgarria da". Oposizioak dio zaila izango dela aurrekontua betetzea. Planteatzen den zorpetze mailak Udala egoera larri batera eramango duela esan dute.
zorpetze maila %11koa
Aurrekontuokin Elgetako Udalaren zorpetze maila %11n kokatzen da. Oxel Erostarbe alkateak onartzen du aurrekontu ausartak direla, baina gogoratu du oposizioak ez duela proposamen bakar bat ere aurkeztu. Gaineratu du aurreko gobernuak utzitako egoerak baldintzatu duela 2008ko aurrekontua. "Aurreko udal gobernuaren kudeaketarekiko marra bat egiteko unea iritsi da" esan du alkateak. "Onartzen dugu aurrekontu ausartak direla, baina herrian aurten ezinbestean egin behar diren egitasmoak ditugu aurrean. Salbador kaleko lanak, haurreskola berria, kultura etxeko igogailua... Konpromisoak daude hartuta eta aurrera egin behar dugu".

Mendi museoa eztabaidagai
Oposizioak, bestalde, ez du ulertzen nola ematen zaion bizkarra hain garrantzitsua ikusten duten mendi museoari. "Trena behin pasatzen da eta udal gobernuak akats handia egin du mendi museorako diru-sailik ez bideratuz", esan du Ugarteburuk. Erostarbek adierazi du momentu honetan mendi museoa ez dagoela udal gobernuaren lehentasunen artean. Dena den, proposamenak egiteko eta eztabaidatuko dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak