Udalak 2.082.839 euroko aurrekontua onartu du

Irati Agirreazaldegi 2009ko ots. 6a, 11:35
Udalbatzarrean 2009ko aurrekontuak izan zituzten mahai gainean. Aralarko zinegotzien eta Edurne Alberdiren eta Leire Basauriren baiezko botoekin onartu zuten 2.082.839,89 euroko aurrekontu proposamena; eta Elgetako Abertzaleak taldeak aurkako botoa eman zuen.

"Krisiari zerbitzuak hobetzeko ahalegina eginda erantzun behar zaio", uste du Aralarrek. Hortaz, saiatu dira aurrekontua ahal den tokitik estutzen eta diru sarreretan ahalik eta aurrekontu "errealistena" egiten. "Hurrengo hilabeteetan ez da eraikuntzatik diru sarrera askorik izango, eta hori jaso dugu aurrekontuan".

Gainera, "Udalaren diru sarrera politika ezin da eraikuntzan oinarritu eta inbertsioen finantzazioa Udalaz gaindiko erakundeen bidez lortu behar da. Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiarekin batzartu gara eta emaitza onak izan ditugu", diote.

Elgetako Abertzaleek aurrekontuen aurka bozkatzeko arrazoietako bat izan da hori: "Azken urteetan Elgeta XXIi esker lur industriala eta besteak kudeatuz, Udalak baliabideak izan ditu Espaloia egiteko, pilotalekua konpontzeko… Aurkeztu diguten aurrekontuan dagoeneko Elgeta XXIen ez dago partidarik soldatei aurre egiteko. Nork bilatuko ditu baliabideak? Nork kudeatuko du Elgeta XXI?", esan dute.

Inbertsio nagusiak

Asentzion altzariak berritzea, zuhaitzak landatzea eta sarrera eta aparkalekua egokitzea aurreikusi dute inbertsioetan. Aurrekontua 185.000 euro da eta IHOBEk laguntza emango du; haurtzaindegi, gazteleku eta ludoteka berrien finantzazioan Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Kutxak hartuko dute parte.

Inbertsio horietaz gain, beste hauek aurreikusi dituzte: Espainiako gerraren gaineko ibilbide tematikoa (150.000 euro); irisgarritasuna (22.820 euro); Espaloiako eta kiroldegiko tabernako egokitzapenak (21.000 euro); Salbador kalean argiteria lurperatzea (22.000 euro); spinningeko bizikletak (6.000 euro); eta mendi nekazaritzako proiektuak (60.000 euro).

Aurrekontuan gainontzeko talde politikoen babesa lortzen saiatu da Aralar, eta Elgetako Abertzaleek egindako ekarpenen %50 onartu arren, haiek kontra bozkatu dutela diote.

Diru sarrerarik eza salatu

Elgeta Abertzaleak taldekoek aurrekontuaren aurka bozkatzeko emandako beste arrazoi bat da "Udalak ekonomia arloan izandako jokabide penagarria". Euren esanetan, "ez da diru sarrerarik sortzen, proiektuak egiteko maileguen eta dirulaguntzen mende gaude eta ez dago proiektu estrategikoak martxan ipintzeko gaitasunik". Zergen igoera ere salatu dute, batik bat zaborrena. Patronatuaren eraikuntzaren gainean irtenbiderik ez ematea izan da beste arrazoi bat: "Mendizaletasunaren interpretazio gunearen ateak itxi zituzten eta ez dute besterik zabaldu, eta eraikina gero eta okerrago dago", diote. Azkenik, pertsonalean izandako aldaketak ere salatu dituzte.

Aurrekontu proposamena onartzeaz gain, udal taldeen araudiaz, errekako lehenengo plan partzialaren aldaketaz eta Intxorta magalean egin nahi duten ibilbide turistikoaz  jardun zuten udalbatzarrean, eta  martxoaren 1eko hauteskunde mahaiaren zozketa egin zuten.

Udal aurrekontua webgunean

Elgetako udal webgunean kontsultatu dezakezue aurrekontua: www.elgeta.org

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak