Udala pozik ibilgailuendako arautegi proposamenak izandako lehen harrerarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko aza. 9a, 11:38
Foroa atzera ere hilaren 18an, eguaztena, batuko da agertu diren kezkak eta eskaera zehatzak aztertzeko.

Udalak balorazio positiboa egin du aurreko astean egindako ibilgailuen arautegi proposamenaren aurkezpenaren inguruan. Hogei lagun pasatxo agertu ziren ekitaldira, eta "jarrera orokorra, oinezkoen kaleetan ibilgailuen erabilera murriztearen aldekoa dela azaldu dute udaletik.
     Bertaratutakoek parte hartze handia erakutsi, eta ekarpen interesgarriak egin zituztela ere azaldu dute. "Hitzaldiaren ostean, sei herritar gehiagok bete zuten fitxa gai hori aztertuko duen foroan parte hartzeko fitxa".  Foro hori hilaren 18an batuko da 19:00etan udaletxean.

Zenbait ekarpen

Elizatik eskolaraino doan Maala kalea ere oinezkoendako izendatzea izan zen lehenengo bilera horretako proposamenetako bat, haurrak ibiltzen diren lekua delako. Salbador kalearen atzeko aldean aparkatzea ere ohitura bihurtu izana salatu zuten batzarrean, eta galdetu zuten nork daukan udalean isunak ipintzeko eskumena. Gainera, arautegiaren aurrean egoera pertsonal eta familiar zehatzak aurreikustea komenigarria ikusi zen batutakoen artean.

60-500 euroko isunak

Araudiak dio baimendu gabeko ibilgailuek debekatua izango dutela Salbador, Lasao eta San Roke kaleetan zein Espaloirako sarrera bidean ibiltzea, eta ibilgailu guztiek aparkatzea; lau tonatik gorako ibilgailuak baimen berezirik gabe ezingo direla ibili, ezta aparkatu ere; eta barikuko 16:00etatik asteleheneko 08:00etara Espaloirako bidea eta San Roke kalea (elizatik behera) itxita egongo direla, larrialdietarako edo kasu berezietarako izan ezik.
     Baimenak jaso ahal izango dituzte Elgetan erroldatuek eta autoa erregistratua dutenek eta Salbador, Lasao eta San Rokeko bizilagunek eta lokal jabeek. Baimen bereziak egongo dira haurdun edo osasun ezintasunak dituztenendako; denden hornitzaileendako; larrialdietarako; eta lau tonatik gorako ibilgailuendako.
   Arauak bete ezean ipiniko dituzten isunak ere zehaztu dituzte: 60 eta 500 euro artekoak izan daitekez kasuaren arabera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak