Udal gobernuaren "iniziatiba falta izugarria" salatu du Elgetako Abertzaleak taldeak

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko uzt. 18a, 16:31
Agintaldiko lehenengo urtearen gaineko balorazioan Oxel Erostarberen "jokabide gogorra eta ez demokratikoa" ere kritikatu dute.

Elgetako Abertzaleak taldeak udal gobernuaren "imajinazio eta iniziatiba falta izugarria" salatu du. "Aurreko agintaldian martxan jarritako proiektuak besterik ez dituzte bultzatu; Salbador kaleko urbanizazio berria, Uriburu edo Torrealdeko etxeak...", adierazi dute.
Oposizioak merkataritza arazoei iniziatiba bakar bat ere planteatu ez izana salatu du. "Dendak ixten ari dira (...) eta Aralar eta ANVkoek ez dute krisia kudeatzeko gaitasunik izan". Euskal Herriko mendi museoaren proiektua "pikutara bota" izana ere salatu dute. "Agintaldi hasiera aprobetxatu beharra zegoen laguntzak jasotzeko eta urtea alperrik galdu dute". Pertsonal arloko udal politikarekin ere kezkatuta daude. "Aurreko aparejadoreak epaitegira eraman du Udala, uda garairako behar den pertsonala ez da denboraz kontratatu eta kirol teknikariak alde egin du". Aralar eta ANV agintean daudenik udalaren zorra handitu egin dela ere nabarmendu du Patxi Basauriren taldeak.

Alkate "presidentzialista"

Oposizioaren esanetan "alkate presidentzialista suertatu da Oxel, bere jokabidea oposizioan gauden zinegotziekiko oso gogorra izan da. Bilera askotatik kanpo laga gaitu, eta gure jokabidearen inguruan adierazpen iraingarriak eta ulergaitzak egin ditu medioetan". Aralarrek itxura parte-hartzailea eman nahi duela, baina bere jarrera ez dela batere demokratikoa adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak