Udako ekintzetan, 26 umek eman dute izena

Irati Agirreazaldegi 2008ko ekainaren 27a

Ikasturtea amaituta, umeendako eta gazteendako ekintzak antolatu dituzte uztailerako. Uztailaren 7tik 30era bitartean hainbat aisialdi jarduera egingo dituzte. 2 eta 10 urte bitarteko 26 umek eman dute izena aisialdi ekintzetarako. 09:00etan hasi eta 12:30era bitartean egongo dira, baina 10:00ak bitartean, sarrera malgua izango dute.

Nagore Ojanguren eta Maialen Retolaza begiraleekin, kirol ekintzak, jolasak, eskulanak... egingo dituzte. Saiatuko dira –betiere, eguraldiak hala uzten badu– ahalik eta ekintza gehien kanpoan egiten. Izan ere, ikasturtean barrena, eskolan nahikoa denbora ematen dute gelan sartuta umeek.

Grafitia eta argazkilaritza

Txikiendako ez ezik, nagusiagoendako ere antolatu dituzte jarduerak. Uztailaren 1era arte izango dute, udaletxera joanda, izena emateko aukera 10 eta 16 urte bitartekoek.

Bi talde egongo dira: kirola eta grafitia uztartuko dituzte lehenengo taldekoek, eta kirola eta argazkilaritza digitala, bigarrenekoek. Kirol ekintzen artean daude eskalada, mendi bizikleta irteera, kirol alternatiboak eta jolasak, besteak beste. 

Aste bakoitzeko 45 euro ordaindu beharko dituzte partaideek; uztail osoan barrena parte hartzen dutenek, berriz, 40 euro asteko; eta familia bereko bi kide edo gehiago badaude, bakoitzak asteko 35 euro.

Helduendako kirol eskaintza

Bestalde, helduendako udarako kirol ekintzen eskaintza ere egin du Udalak. Aukeran ipini dituzte pilates, areto dantza eta tai txi ikastaroak. 

Ikastaroak uztailaren 7tik 31ra bitartean izango dira. Pilates ikastaroa astelehenetan eta eguaztenetan 11:30etatik 12:30era bitartean; areto dantzak martitzenetan eta eguenetan 19:00etatik 20:00etara; eta tai txi ikastaroak astelehenetan eta eguaztenetan 19:45etik 21:00etara. Lehenengo biek 25 euro balio dute eta 30 euro hirugarrenak. Interesatuek uztailaren 1era arteko epea izango dute udaletxean izena emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak