Iaz berreskuratu zuen Elgetako gaztetxeak Intxortako igoera. Garai baten herriko jaietan egiten zen, eta urteetan ahaztuta egon ostean aurreko urtean zazpi lagunek parte hartu zuten gaztetxearen urteurreneko ekitaldietan antolatutako lasterketan.
Aurten hiru lagunek egin dute igoera, eta Txomin de Vega izan da azkarrena. Hamarrak jota abiatu dira hiru lasterkariak Herriko plazatik. 23 minutura itzuli da lehenengoa, Txomin de Vega. Atzetik, minutu batera, etorri da Sebastian Arantzabal. Hirugarren egin du David Peñalverrek.
Egun handia gaztetxean
Eguerdian poteoa egingo dute gaztetxekoek bertsolariekin eta trikitilariekin. Jarraian, bazkaria eta egunari amaiera emateko, 23:00etan hasita Akerbeltz taldeak kontzertua egingo du. Musika herrikoia egiten dute, dantzarako oso aproposa. Gonbidapena eginda dago.