Taula gainean Uxue Alberdi, Iker Zubeldia, Sustrai Colina, Igor Elortza, Iñaki Gurrutxaga eta Ainhoa Agirreazaldegi. Elgetarrak saio ostean esan zigunez, “Ezinean jardun dut, ezin saio bat borobilduta. Lotuegi sentitu naiz. Barrutik kantatzea nahi nuen baina konturatu naiz kantatzen ari nintzela txapelketako estiloan, ez dut asko gozatu”.
Zortziko nagusiarekin hasi zen saio puntuagarria. Zortziko handian Igor Elortzak eta Sustrai Colinak lortu zuten puntuazio onena. Saroi Jauregi gai jartzaileak oso markatuta eman zizkien paperak, batak amaren eta besteak aitarenean jardun behar izan zuten, alabak aiton-amona egingo dituela esaten dien gurasoena, hain zuzen ere. Bakoitzak bere paperetik, elkarri modu finean zirika txukun jardun zuten.
Euskara garbian
Zortziko handiko lanak, hala ere, ez ziren hain borobilak joan, ez jendeak eman zuen erantzunari erreparatuta bederen. Zortziko txikian, Sustrai Colinak eta Iker Zubeldiak honako gaiari kantatu behar izan zioten: Zubeldia, bosgarren aldiz EGAko azterketara aurkeztu den euskaldun zaharra; Sustrai, aurreko lau aldietako aztertzaile bera. Zubeldia aztertzaileari azterketa egiten hasi zen, entzuleak ere elkarri artxarea zer zen galdezka ipini zituelarik. Azken bi bertsoetan arrazoi politak erabiliz, bertsoaldi guztian barrena bezalaxe entzuleak barrezka ipini zituzten. Zubeldiak zera bota zion Colinari: “Maisu esango dizut, euskera garbian:/ditxosozko diploma sartu ipurdian”; Colinak, berriz, horrela erantzun zion: “Emaidazu propina neurri-neurrikoa/euskera jatorrean, urdaiazpikoa”.
Puntuari erantzuten entzun zen ale politik, baina aipagarrienak Iñaki Gurrutxagarenak. Tolosako txokolatearen gainean hiru puntu ipini zizkion eta dotore erantzun zien oriotarrak. Hirugarrena, adibiderako: Batzuek jartzen dute sexuaren pare/Ba, sexutikan gutxi probatuak daude/nik badaezpada ere, bigarrenan alde/ezin baitugu bizi hortikan jan gabe”.
Armairutik bertsotan
Seiko motzean ere fin heldu zien Zubeldiaren erasoei Gurrutxagak eta baita txukun erantzun ere. Semeak obesitate arazoak dituela-eta, sukaldeko armairuak giltzaz ixteko prest zegoen Iker, Iñaki ez. Armairua ixtearen kontuarekin hitz joko politak eginez arrazoitu zituen bere bertsoak. Eta azken bertsoan, saioa errematatzeko horrela bota zuen azken puntua: “Kasi zerorri gordeko zaitut armairu batean”.
Sustrai Colinarekin jardun zuen seiko motzean Ainhoa Agirreazaldegik eta honakoa zuten gaia: Gurasoen zilarrezko ezteietan oparitzeko bideo bat prestatzen ari zarete familiako irudiekin. Umetan hil zen zuen anaiaren irudiak sartu egin nahi ditu Sustraik; Ainhoak, berriz, ez”. Gaia bezain serio joan ziren bertsoak, baina arrazoi txukunak bota zituzten biek. Sustraik honela bota zion bigarren bertsoan: “Gogoratzeak min ematen du, ahanzteak gehiago”; eta Ainhoak erantzun: “Gure artean egongo baita guk jarri gabe ere”.
Putetxeko atean
Kartzelan putetxeko atarian ipini zituen bertsolariak. Denek, Zubeldiak salbu, bezero edo emagalduaren papera hartu zuten eta ale politak entzuteko aukera izan zen. Uxue Alberdik etxera bidean seme-alabengana doan emagalduaren ahotik fin jardun zuen; Igor Elortzak saioan barrena akats nabarmenik egin ez bazuen ere, kartzelan luzitu zen gehien. Bigarren bertsoari honelako amanera eman zion: “zerbaitegatik etorri bainaiz behin gelditua alargun/ antzeko batek esan etorri/ goazen barrura ta azkar korri/ bada garaia ta lagun/ guk ere goza dezagun».
Agirreazaldegik ere kartzelako lan txukuna egin zuen haurtzaro gogorra izan eta maitasun bila putetxera doan gaztearen paperean. Bigarren bertsoa horrela amaitu zuen: “nere burua gehio maitatzen ez zidaten erakutsi”; hirugarrenean, berriz, Garbi utzi zuen maitasun bila joan zela putetxera eta honela borobildu zuen saioa: “baina bizitza ez dago eginda;zatarrontzako neurrira/ ederrek eta kanpolarrosek, dute bakarrik kabida/ia baten bat laster jartzen denn ere barrura begira”.
Puntuazioa
Agurretan, entzuleei, lagunei, bertsozale elkartekoei, bertso eskolakoei… denei eskerrak emateko aprobetxatu zuten bertsolariek. Ondoren etorri zen puntuen dantza:
- Sustrai Colina 646
- Uxue Alberdi 637,5
- Igor Elortza 629
- Iñaki Gurrutxaga 626
- Ainhoa Agirreazaldegi 594
- Iker Zubeldia 591
Lehen itzuliko azkena
Gaur, domeka, jokatuko da Hendaian final erdietako lehen itzuliko azken saioa. Aurrera egiteko muga 591 puntuan dago, baina gaurko saioaren ostean ikusiko da bigarren itzulian zeinek eta non jardungo duten. Hurrengo itzulirako pasea ziurtatuta dute batzuek eta besteak gaurko saioan jakingo dute.
Ainhoa Agirreazaldegik puntuaketa ikusita esan zigun batetik penaz geratu dela baina bestetik lasaitua ere hartu duela: “orain arte baino lasaiago jarraituko ditut saioak, ze orain arte beste begi batzuekin ikusi ditut, parte hartzaile begiekin. Orain disfrutatuko dut eta lagundu behar den lekuan lagundu, zale guztiek bezala”.