Etxe izan zen taula gainera igotzen lehena eta kostata baina, amaiera alderako lortu zuen atzean ezkutatuta zeuden ikusleak taula aurrera gerturatzea. Heldu eskutik bere azken diskoko kantuekin hasi zen taldea baina, ordu eta erdian Etxek kaleratu dituen hiru diskoetako abestiak entzuteko aukera egon zen. Bidea eginez diskoko Zenbat bide? katua, euren hit-a, amaierarako utzi zuten eta The Uski's taldeari lan erdia eginda utzi zioten; ikusleak dantzarako gogoarekin zeuden Espaloian.
Olatuak, neskak eta parranda
Kostaldeko haizearekin gozatzeko momentua ailegatu zen gero, Ibarrangeluatik eta Elantxobetik iritsitako haizea; fresko-freskoa eta dibertigarria. Hondartzan legez, oinutsik atera ziren eszenatokira The Uski's taldeko bi, arrantzale jantzita beste bat eta alkandora hawaiiarrarekin beste bat. Ganberro batzuk dira The Uski's taldekoak eta gauza bat dute ona; inork baino gehiago gozatzen eta dantzatzen dute euren musika. Horrelakoetan oso zaila izaten da ikusleak aspertzea. The Uski's taldekoak bizi egiten dute euren surf kutsudun rocka eta hori ikusleengana erraz iristen da. Momentu batean taula gainetik jaitsi eta ikusleen artean dantzan ere ikusi genituen taldekide batzuk.
Oraingoan, gainera, neska baten ahotsaz lagunduta etorri dira The Uski's taldekoak; Argi Zameza da bere izena eta bere ahotsaren indarrak eta dantzarako gogoak asko laguntzen die abestiei.
Azken diskoari izena ematen dion Katuak bezala abestiarekin hasi zuten kontzertua eta amaitu ere kantu berdinarekin amaitu zuten; bi ordu inguru egon ziren taula gainean eta ikusi genuen The Uski's-en gaiak hiru direla: olatuak, neskak eta parrandak.