Squash pista eta kanpoko kantxa gutxi erabiltzen dira pilotalekua, aldiz, asko

Larraitz Zeberio Lekuona 2010ko ots. 18a, 14:47
Kiroletako foroan kirol instalazioen eta udal kirol zerbitzuen gaineko diagnostikoa egin dute. Hutsuneak antzeman dituzte, epe ertainerako erabakiak hartzeko baliagarria izango dena.

20 urte ditu Elgetako udal kiroldegiak. Zaharkituta gelditu da eta herritarren artean egindako inkesta batek azaleratu du erabiltzaileek behar berriak dituztela. Hausnarketarako kirol foroa zabaldu zuen udalak irailean, eta atzo bigarren aldiz batu zen. Bertan, hausnarketarako abiapuntua izango den txostena aurkeztu zuten, gaur egungo egoeraren diagnostikoa.

     Elgetan, desorekak antzeman dituzte udal kirol instalazioen erabileran. Azpiegitura zaharkitua izateaz gain, zenbait instalazioa apenas erabiltzen dira. Squash frontoiaren eta kanpoko aldeko kantxaren kasua da, besteak beste. Herritarrek, gainera, bestelako instalazioak eskatu dituzte berriki egindako inkesta batean. Gimnasioa berria eta igerileku bat esaterako. Diagnostiko-txostenak jasotzen duenez, ordea, ez da gauza bera gertatzen udal instalazio guztiekin. "Beste datu esanguratsua izan da frontoiarena", esan du Rebeka Ubera kiroletako zinegotziak. "Hor ikusten da frontoia daukagula indargune moduan. Batzarrean denok egin genuen bat puntu horretan. Zerbait ez bada aldatu Elgetako kirol bilakaeran frontoiaren erabilera izan da, eta hor daukagun 4 t'erdiko pilota txapelketa garrantzitsua".

Herri ekimenak, behera

Diagnostikoak argi laga duen beste gauza bat da behera egin dutela nabarmen kirolarekin lotutako herri ekimenek. Militantziak, alegia. Hutsuneak antzemateko balio izan du diagnostikoak eta hausnarketa prozesuaren abiapuntua izango da epe ertainerako helburuak zehazteko. Atzoko bileran lan esparru nagusiak zehaztu zituzten. "Hiru esparru nagusi dira", azaldu du Uberak. "Azpiegiturak, umeak eta gazteak eta helduak herri ekimenarekin edo herri militantziarekin lotuta".

     Udala gustura agertu da foroan parte hartzen ari diren herritarrekin. Ez da kopuru handia, baina kirol agenteak direla adierazi du Uberak eta inplikazio maila handia dutela. Foroa, dena den, herritar guztiei dago zabalik. Martxo amaierarako deitu dute hurrengo bilera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak