Serge Gainsbourg artistaren kantuak euskaraz, Espaloian

Goiatz Arana Begiristain 2008ko apirilaren 18a

2006an artista frantziarraren heriotzaren hamabosgarren urteurrena bete zela aprobetxatuz, Juankar Landa kantari donostiarrak Gainsbourg zaleak bildu nahi izan zituen, kontzertu-omenaldia prestatzeko. Ideia hark aurrera egin zuen eta hilabete honetan bertan argitaratuko da bakarlari frantziarraren 15 kanturen euskarazko egokitzapenak jasotzen dituen ‘Gainsbourg gainbegiratuz’ diskoa. Aurre-estreinaldia gaur, barikua, izango da, Elgetako Espaloia kafe antzokian, 22:30ean hasita.

Lagun talde heterogeneoa ariko da kantuan: elkarrekin ariko dira euskaldunak eta gaztelaniaz abestu ohi dutenak; ibilbide luzekoak gehienak; Euskal Herrian egindako pop-rockaren  historikoak, batzuk; eta azken belaunaldiko gazteak, besteak:

Gari, Mikel Agirre (La Buena Vida), Diego Vasallo, Estanis Elortza (Natural Project), Saioa, Amaia Intxausti, Rafa Berrio, Txuma Murugarren, Urko Menaia, Enrique Mingo, Santi Gasca (Sanchis y Jocanoren beste erdia), Giorgio Bassmatti, Jone Gabarain…

Elgetan egingo den zuzeneko lehen saioaren ondotik Azkoitikoa eta Donostiakoa etorriko dira.

Nor izan zen Serge Gainsbourg

Frantziako emakume ederrenetariko batzuk maiteminduarazi eta La Marseillaise-ren reggae bertsioa egin zuen kantu egile polemiko, ikonoklasta eta zirikatzailea izan zen. Pintorea, idazlea, argazkilaria, aktorea, zinema zuzendaria, askatasun sexualaren aitzindaria, erretzaile porrokatua, edale ase ezina eta belaunaldi oso baten erreferente estetikoa ere izan zen.

Frantziako musika irauli zuen, bere garaiari aurrea hartuz, sarri. Letra idazle handia ere izan zen, hitzen sonoritateari zukua atereaz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak