Zer landuko duzue astronomiako ikastaro honetan?
Zerua miatzeko hainbat argibide emango ditugu, konstelazioak desberdintzen ikasiko dugu, eta posizio astronomikoa topatzen... Gainera, esplorazio espazialaren lorpenak ikusiko ditugu eta bizitza estralurtarraren gainean egin diren azken aurkikuntzen berri emango dugu.
Bizitza estralurtarra diozu. Badago, ala?
Ez dakigu oraindik, baina jendeak ezer gutxi daki egiten ari diren aurkikuntzen gainean. Estatuan biologia estralurtarra ikertzeko zentro bat dago non 200 ikerlari ari diren lanean. Aurkikuntza interesgarriak egin dituzte. Esaterako, gure eguzki sistematik kanpo bizitzarekin bateragarriak diren ezaugarriak dituzten planeta berriak aurkitu dituzte. Zientifikoki, beraz, bizitza estralurtarra posiblea da.
Eta esplorazio espazialari dagokionez, gizakia ilargian izan da?
Bai, zalantzarik gabe. Logikak ematen dituen argudio asko dauzkagu eta, gainera, erraz ikus daitezke. Ilargitik harri mordoa ekarri zituzten eta Gasteizen harri horietako bat ikusteko aukera izan genuen. Ilargian, bestalde, ispilu bat dago gaur egun distantzia neurtzeko erabiltzen duguna. Izpi bat bidaltzen dugu lurretik eta ispilu horrek bueltan bidaltzen du. Urtero neurtzen dugu ilargia zein distantziara dagoen. Azkenik, espazio-zunda batek ilargian utzitako aztarnak daude. Lurretik erraz ikus daitezke.
Zertarako balio du astronomiak?
Arrazoi praktiko asko daude. Esaterako, edonon zaudela iparra eta hegoa kokatzeko, oskarbi dagoen gau batean zerura begiratu eta zer ikusten ari zaren ulertzeko. Maila zientifikoago baten, berriz, eguzkia izar bat gehiago dela eta bost milioi urte barru itzali egingo dela jakiteko.
Planetarioak gomendatzen dituzu?
Bai, oro har zientzia museo guztiak gomendatzen ditut. Arazo zientifiko baten dimentsioa ulertzeak edo zeruko lengoaiaren esanahiaz jabetzeak zirrara handia sortzen du. Eta astrologiak engantxatu egiten du.