San Roke kaleko galtzada-harriak eta arketak konpontzen ari dira

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko api. 4a, 17:38
Lanok 10.000 euroko aurrekontua dute eta zazpi bat lan-egunetan amaitzea espero du udal aparejadore Alberto Olaldek.


San Roke kalean aspaldian solte zeuden galtzada-harriak konpontzen ari dira. Bi langile ari dira behar horretan. Langile hauen zeregina solte edo kolokan dauden galtzada-harriak lokalizatu, bere lekutik atera, zuloa eta harria bera txukundu eta berriz ere bere lekuan kokatzea da.
"San Roke kaleko arketak ere aldatu egingo dira asko oso hondatuta daude-eta", adierazi dio GOIENKARIAri udal aparejadore Alberto Olaldek. "Dozena bat arketa daude eta guztiak aldatuko dira". Maala parkerako sarreran eta San Roke kaleko beheko aldean zebra-bide moduko batzuk jarriko direla ere esan du Olaldek. "Hareharriz egingo dira eta pare bat metroko zabalera izango dute bi zebra-bideek. Lanok 10.000 euroko aurrekontua dute".
Mantenu-lan hauek egiteko langileek zazpi bat lan-egun beharko dituztela iritzi dio Olaldek. Martitzenean hasi ziren beharrean eta tartean Aste Santuko jai-egunak daudela kontuan hartuta hil amaierarako lanok eginda egotea aurreikusten du udal aparejadoreak.


Espaloirako eskailerak
Herri Eskolatik Espaloira jaisteko eskailerak ere jartzeke daude aspalditik.
Ur-ihesa egon zen leku horretan duela hilabete batzuk eta konponketa lanak egiteko eskailerak zulatu egin zituzten. Aspaldi iritsi ziren eskailera berriak, baina okerra egon zen eta materiala desegokia bidali zuten.
Udal aparejadore Alberto Olalderen hitzetan Aste Santu ostean iritsiko dira eskailera berriak Elgetara. "Berriak ekarri eta oker bidalitakoak eramango dituzte", esan du Olaldek. Eskailera berriak datorren martitzenean iristea espero du Olaldek eta egun horretan bertan nahiko luke ipintzen hastea.
"Kolorea ez da guztiz berdina izango, baina denbora eta erabilpenarekin hori konponduko delakoan nago", esan du udal aparejadoreak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak