San Miguel etxeak garagardo dastatzea egingo du eguenean Espaloian

Garagardo dastatzea egiteaz gain San Miguel etxearen asmoa da Elgetako ekitaldian inguruko tabernariei ikastarotxo bat eskaintzea. Garagardoa zela kontserbatu eta zerbitzatu gogoratuko dute. Hitzordua, 19.30ean.

San Miguel etxeko Juan Gartzia izango da eguenean Espaloiko ekitaldian. "Ekitaldira etortzen direnak ez dira ikusleak bakarrik izango. Euren garagardoa ateratzeko aukera izango dute. Eta horrek balioko digu zerbitzarien lana hobeto baloratzeko". Elkarrizketa egin diogu.


Zer ekarriko duzue Espaloira?

     Garagardoarekiko gure pasioa eta ostalaritzako profesional onekiko errespetua. Garrantzitsua da garagardo bat ondo zerbitzatzen jakitea dastatzerakoan edariaren ñabardura guztiak antzemateko.
 
Dastatze saioa izango da, baina baita ikastaro txiki bat ere inguruko ostalariendako, ezta?
     Horrela da. Alde batetik, San Miguel etxeko garagardo ezberdinak dastatzeko aukera emango dugu. Zaporeak, alkohol graduazioak eta beste zenbait ezaugarriren berri emango dugu. Horrela, unearen arabera zein garagardo eskatzea komeni zaigun ikasiko dugu. Baita aurrean ditugun jakien arabera zein den egokiena ere. Bestalde, eguneratze ikastaroa izango da sektoreko profesionalendako. Garagardoen sailkapena eta elaborazioa, instalazio egoki baten ezaugarriak… alde tekniko horiek guztiak ekarriko ditugu gogora. Azkenik, garagardoa era egokian nola zerbitzatu azalduko dugu.
 
Garagardo kontsumitzaile onak gara?
     Bai. Kontsumitzaile txarrak bagina ez genituzke garagardo etxeak ezberdinduko eta berdin litzaiguke zein tabernara joan garagardoa edatera. Ez da horrela. Aukeratu egiten dugu nora joan. Taberna batzuetan garagardo asko saltzen dute, beste batzuetan aldiz ez dute negozioak aurrera egiterik lortzen… Hori bai, gure exijentzia maila hobetu daiteke, eta hori ezagutzarekin lortzen da.

Asko dugu ikasteko?
     Ez dut uste. Garagardoaren kontsumoa oso errotuta dago gurean. Kontua da garagardoak ere bilakaera bat izan duela. Lehen estandarra zen, orain barietate askoz ere gehiago ditugu. Bestalde, ardoaren eta garagardoaren arteko alderaketan, garagardoa beti kontsideratu dugu kalitate gutxiagoko produktua. Ez da zuzena. Kontsumitzaile bat garagardoen arteko ñabardurak antzematen hasten denean ikusten da hori.

Garagardo on bat prestatzeko zein baldintza bete behar dira?
Garagardoa, normalean, lagunartean kontsumitzen dugu. Taberna aukeratzerakoan nik eskatuko nituzte:
. produktu on bat. Niretzako, San Miguel.
. instalazio egoki bat, produktuaren tenperatura zein egoera higienikoa eta organoleptikoa ziurtatuko dituena.
. edalontzi egokia. Garbia, freskoa, markarik gabekoa eta garagardoa zerbitzatu aurretik apur bat bustiko duguna.
. Profesional inplikatua. Ezinbestekoa. Gertatzen da marka bereko garagardoa taberna batean bestean baino gozoagoa egotea. Zergatik? Zalantzarik gabe zerbitzariaren trebeziagatik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.