Baliteke hilabete gutxi barru Elgetan atzera ere harategi bat zabalik egotea. Imanol Albizu elgoibartarrak negozioa herrian zabaltzeko asmoa agertu du eta horretarako beharrezkoak diren agiri guztiak betetzen ari dela aitortu digu.
"Espero dut ekainerako negozioa martxan egotea", esan digu Albizuk. Salbador kalean zabaldu nahi du harategia, aurretik Aralar alderdiaren egoitza izan den lokal berean. "Lanak egin behar ditut aurretik. Lokala goitik behera egokitu behar dut. Obra handia da eta aurrekontuekin atzera eta aurrera nabil egunotan".
Esperientziadun harakina
Eskarmentudun harakina da Imanol Albizu; aurretik Azpeitian eta Elgoibarren harakin lanetan ibilitakoa. "Nire kontura ipintzeko asmoa neukan eta Elgetan ezer ez zegoela ikusita animatu egin naiz", aitortu digu. "Udalarekin harremanetan jarri eta laguntzeko prest agertu ziren, beraz aurrera doa gauza", esan du.
Harategia zabalduko du Albizuk, baina bestelako produktuak ere salduko ditu bere negozioan. Hala nola, kontserbak, aurrez sukaldean egindako produktuak, izoztutako arraina... Bere asmoa da hil honen amaierarako lokala egokitzeko lanekin hastea.