Saihesbidearen bigarren fasea jendaurrean

Txomin Madina Milikua 2008ko ots. 13a, 10:25
Elgetako saihesbidearen bigarren fasearen trazatu proiektua jendaurrera atera du Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako Departamentuak. 1,1 kilometroko luzera du saihesbidearen bigarren fase honek, eta 11 milioi euro eta erdi erabiliko dituzte berau eraikitzeko.

 

2005ean Elgetan irekitako saihesbide zatiaren jarraipenaren proiektua jendaurrean jarri dute, Gipuzkoako Aldizkari ofizialean hain zuzen ere. Hilabetez egongo da jendaurrean trazatuaren proiektua, eta Girder enpresa arduratu da proiekturen berau idazteaz. 

Trazatuak 1,1 kilometroko luzera izango du, herrigunearen iparraldeko ertzetik joango eta Elgetako hiri antolaketa arauetan aurreikusitakoari jarraituko dio neurri handi batean, herrigunetik urruntzeko zenbait moldaketa egin beharko diren arren. 

Saihesbidearen bigarren fasea,  egungo GI-2632 errepidean egingo den biribilgune berri baten hasiko da, Bergaratik igotzen den zatian, hirigunetik 400 metro ingurura. Muinoko lekurik altuenera iristean, lubaki bidez zeharkatuko du berau, eta tunel artifiziala egingo da. biribilgune berri batera iritsiko da ondoren saihesbidea. 

Lau beso izango ditu biribilgune honek: bi saihesbidekoak eta beste bi Gi-2632 errepidearen lotunekoak: bat Eibarrera eta bestea Elgeta herrigunera. Saihesbidearen azken zatia laua da, eta biribilguneko 1. zatiarekin elkartuko da amaieran. 

Neurriei dagokienez, proiektuaren sekzioa 1go fasekoaren antzerakoa da: 3,5 metro zabaleko bi lerro izango ditu, ertzetan metro bateko bazterbideak eta 0.75 metroko bermak. Fabrika obra garrantzitsu bakarra egingo da proiektuan, muinoko lubakian egingo den tunela. Tunelaren zati estaliak 70 metro izango ditu, eta barruko sekzioa 11,60 metro diametroko izango da. 

Bigarren fase hau bukatzeko, 17 hilabete beharko direla aurreikusten dute arduradunek,  eta lizitaziozko oinarrizko aurrekontua  11 milioi euro eta erdi da.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak