Hiru hamarkada bete dira Rolando Toro, biodantzaren asmatzaileak "bizitzaren dantza" ezagutzera eman zuela. Diziplina honek psikologia, medikuntza eta biologia uztartzen ditu. Mundu osoko biodantza jarraitzaileekin bat egin eta Tororen omenezko saio egingo dute Elgetan ere.
Ana Mari Sousaren gidaritzapean
Azken urteetan Ana Mari Sousak gidatzen ditu herrian saiook. Eguenero, 19:00etan elkartzen dira Herri eskolan pare bat orduko biodantza saio egiteko. Biodantza zer den eta zertan oinarritzen den ezagutzeko interesa dutenek Herri eskolara jo besterik ez dute. Ana Mari Sousak, gainera, sarritan egiten ditu saio irekiak.
Jarraitzaileek diote gorputz teknika honek sasoi egokian jartzen gaituela. Gainera, ongizatea ekartzen duela eta espresatzeko zein integraziorako gaitasunak lantzen dituela, izan ere, emozioak sortzeko aukeratzen dira musika piezak.