Ricardo Landa: "Astelehenetan eta martitzenetan hartuko ditut herritarrak Elgetako udaletxean"

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko mar. 25a, 22:12
Martxotik udal aparejadore berriak dihardu lanean Elgetako udaletxean. Ricardo Landa Oñate gazteak hartu du Alberto Olalderen lekua. Landak 32 urte dauzka eta bergararra da.

Zer moduz kargu berrian?
Martxo erdialdean hasi nintzen lanean. Bi aste besterik ez daramat, beraz. Momentuz, baina, ondo. Gustura nabil.

Zein da udal aparejadore baten lana?
Herrian, eraikuntzarekin lotuta dauden proiektu guztiak gainbegiratzea. Gehien bat aurrekontuak prestatzen ditut. Udalak obraren bat egin behar duenean, lan horien aurrekontua lantzen dut. Esaterako, baserri batek ez du ur-hornidurarik eta eramateak zein obra eta zein aurrekontu suposatuko lukeen landu behar ditut. Errepide bat apurtzen bada, obraren bat egin behar bada... bertara joan, egoera zein den ikusi eta aurrekontua prestatzen dut.

Aktibitate lizentziak ere zuk ematen dituzu, ezta?
Baten batek lokal bat zabaldu nahi badu fase batzuk pasatu behar ditu. Lehenengo eta behin baimena eskatu behar du udaletxean. Nik eskaera hori aztertu egiten dut eta ondo badago aurrera egiten du. Azken erabakia, baina, politikoena da beti.

Zeintzuk dira momentuan esku artean dituzun proiektuak?
Mendi nekazaritzak Elgetan hiru proiektu diruz laguntzeko konpromisoa hartu du eta horiek ditut esku artean. Azurtzako baserrietara ur hornidura eramateko egitasmoa da lehenengoa. Arraotz baserrira doan bidean segurtasun hesiak jarri behar dira eta horrekin ere banabil. Azkenik, Egoetxeaga auzoko baserrietarako bidean konponketak lanak egin behar dira. Gainera, Ozkarbi elkarteko beheko solairuan komuna ipintzea aztertzen ari dira.

Bergararra izanik ezagutuko zenuen Elgeta. Udal aparejadorea izanik zer iruditzen zaizu?
Herri txikia da eta herri barruan lan gutxi daukat momentuz. Lana baserri auzoetan dago gehienbat. Bideak asfaltatu behar direla, ura falta dutela... Eguraldiokin lur-jauziak ere izan ditugu... horiek izan dira bi asteotan izan ditudan zereginak.

Noiz aurkituko zaitugu herritarrak artatzeko gertu?
Astelehen eta martitzenetan 08:00etatik 13:00etara egongo naiz publikoari begira. Arratsaldez bestelako lanak egingo ditut. Urtebeteko lan kontratua daukat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak