Elgeta: Prozesiorik ez aurten Aste Santuan

Irati Agirreazaldegi 2009ko api. 7a, 17:03
Aste Santua, izenak eta tradizioak adierazten duen moduan, eliza giroan ospatzen du askok, adineko jendeak batik bat. Hori dela-eta datozen jai egunetan elizkizun bereziak izango dira Jasokundeko Andre Mariaren parrokian, ez, ordea, prozesiorik.

Eguen Santuan, 18:00etan, Jesusen azken afariaren elizkizuna egingo dute; Egubakoitz Santuan, 09:00etan, gurutze bidea eliza barruan, eta 18:00etan Jesusen nekaldiaren ospakizuna; zapatuan, Pazko beila izango da 22:00etan; eta domekan, 12:00etan, ohiko meza.

Irudi pisutsuak

Prozesioa ere herri askotan ohikoa izaten da Aste Santuko eliza ospakizunetan. Aurten, ordea, ez da prozesiorik izango Elgetan.

Iaz, eguraldia txarra zela-eta, bertan behera utzi behar izan zuten prozesioa, aurten, berriz, ez egiteko erabakia aurrez hartu dute. Elizan esan digute irudiek pisu handia dutela, adinekoendako gehiegi dela, eta ez dagoela gazterik horiek eramaten lekukoa hartuko duenik. Hortaz, elizan ipiniko dituzte jendeak ikus ditzan, baina herriko kaleetara ez dituzte aterako.

Landetxeak beteta

Batzuek elizan eta besteek opor giroan, kanpora bidaiak eginez ospatuko dute Aste Santua.

Opor egunak aprobetxatuz Elgetatik kanpora joango denik bada, baina baita oporretan Elgetara etorriko denik ere. Izan ere, Elgetan turismorako egokitutako bi landetxeak Aste Santurako beteta daudela esan digute jabeek. Herrian, San Roke kalean, dagoen ostatuan ere Aste Santuan iaz baino jende gehiago izango dutela esan digute, hala ere, oraindik tokia badagoela. Turistak Madrildik eta Kataluniatik etorriko dira aurten eta guztiak dira bezero berriak, lehen aldiz Elgetako turismo etxeetara oporretan datozenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak