Pilotalekuko hormak itxura eskasa erakutsi dute azken egunotan. Kolore urdin eta beltzez egindako hainbat pintada irakur zitezkeen zapatutik. Batzuk ETAren aldekoak, beste batzuk Iñaki De Juana eta preso politikoen aldekoak... Elgetako gaztetxearen aldekoak ere irakur zitezkeen.
"Lau edo bost hilabete oro agertzen dira horrelako pintadak herrian", adierazi dio GOIENAri Patxi Basauri alkateak. "Herritar guztiengan dute eragina horrelakoek, izan ere horma horiek guztiak garbitzeko pintore bat aurkitu eta ordaindu behar du Udalak".
Egindako pintada guztien artean, baina, batek bereziki deitu du atentzioa honakoan. Pilotalekuaren ateetako batean Patxi Basauri alkatearen aurka egindako pintada batean Patxi kabroi diruzale irakur zitekeen. "Irakurri dut bai", adierazi du Basaurik, "lore ederra bota didate". Alkateak ez dio pintada honi berebiziko garrantzirik eman gura. "Tristea iruditzen zait hainbeste urtean lehenengo aldia delako nire izena horrelako pintada batean agertzen dela. Baina ez diot duena baino garrantzi gehiago eman nahi", azaldu du Basaurik.