Datorren astean, zapatuan, egingo dira inbestidura ekitaldiak udaletxeetan. Elgetan, maiatzaren 27an, Aralar izan zen indar bozkatuena. Oxel Erostarbe Aralarren zerrendaburuak argi dauka eurei dagokiela gobernu berria osatzeko ardura eta esan du proposamen bat luzatu dietela bai EAJ eta EAk osatutako koalizioari bai EAE-ANVri.
"Sinistuta gaude herrirako onena akordio zabal batera heltzea dela", esan du Erostarbek. "Gobernu zabal hori osatzea da lehenengo gauza". Hala, udal gobernuan parte hartzera gonbidatu ditu Aralarrek bai Patxi Basauriren taldea bai EAE-ANV.
Lehen inpresioa, positiboa
Aralar pozik agertu da lehenengo bilera hauetan jasotako erantzunarekin. "Lehenengo jarrera ona izan da eta uste dugu hori positiboa dela", esan du Erostarbek. "Ez du behintzat hasieratik inork ezetz esan. Orain, ikusi egin beharko da programetan adostasunik aurkitzen dugun ala ez. Erantzunen zain gaude".
aralarren premisak
Aralarrek argi dauka ezinbestekoa dela Udalaren egoera ekonomiko zehatza zein den ezagutzea eta azterketa bat abiaraziko du horretarako. "Jakin nahi dugu zein konpromiso dauden hartuta, norekin eta horrek zenbateraino lotzen gaituen. Horrek erakutsiko digu-eta jarraitu beharreko bidea", esan du Erostarbek.
Bestetik, uste dute osoko bilkurak erabakitzeko gaitasun gehiago beharko lukeela. Horregatik gobernu batzordeak kentzearen alde agertu dira. Batzordeen funtzionatzeko moduarekin ere ez daude ados.
Batzordeen banaketa
Galdetuta, Erostarbek ez du ukatu batzordeen banaketak tirabirak sortuko ez dituenik. "Denekin egin gura dugu lan eta lehenengo jakin nahi dugu nortzuk dauden prest gurekin batera gobernu berria osatzeko. Gero erabakiko dugu batzordeen banaketa", esan du.
Aralarrek jakinarazi du ez duela banaketarik inposatuko, baina ez du ezkutatu minimo batzuk exijituko ez dituenik. "Gure borondatea gainerako alderdiekin batzorde banaketa egokiena adostea izango da. Agian, aztertu ere egin beharko da batzorde bakoitzaren zeregin zehatza".
Patxi Basauri
Elgetako Abertzaleak
"Gobernu taldean edo oposizioan herriaren alde egingo dugu lan"
Patxi Basaurik onartu du uste baino emaitza kaskarragoak lortu dituztela hauteskundeotan. Espero zuten gutxienez lau zinegotzi lortzea. "Herriak Aralar nahi du buru Elgetako Udalean eta ez dugu hori oztopatuko. Beraz, Oxel Erostarbe izango da alkate berria". Agintaldi berriari begira bi aukera aztertzen ari da Basauriren taldea, gobernuan sartu edo oposizio lana egin. "Aralarrengandik jaso dugu eskaintza, baina aztertu beharra daukagu", esan du. 31 urtez alkate izan ostean, oposizioan egotea egokitzen bazaio berria izango hori Basaurirendako. "Adaptatzeko gai izan behar du pertsonak eta oposizioa egiteak ez dit beldurrik ematen".Edurne Alberdi
EAE-ANV
"Adostasunetara iristeko alde guztien borondatea da beharrezko"
Edurne Alberdik uste du ezker abertzaleak base fidelak dituela Elgetan. “Apartheid egoeran egon gara eta hauteskunde ez demokratikoak izan dira hauek. Emaitzak hobeagoak izan zitezkeen arren gure balorazioa positiboa da. Hirugarren zinegotzia lortzetik oso gertu geratu gara!”, adierazi du. Hurrengo agintaldian “politika ezkertiar eta abertzaleari eutsiz” lan egingo dutela esan du eta alkate berriari eskatzen dio “herriari galdegitea erabaki garrantzitsuen inguruan eta herritarrak informaturik mantentzea". Ordezkari eta agintari lanak ez nahastea ere eskatzen dio, “alkatea ordezkaria baita eta herria agintaria".