Oxel Erostarbe: "Alkate izateko aurkeztu nintzen"

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko eka. 1a, 14:28
Patxi Basauriren taldeak balorazioa egiteko batzarra egin behar du eta Eusko Abertzale Ekintza-ANV prest dago Aralarrekin batzartzeko.


Aralar-Independenteak izan da udal hauteskundeotan Elgetan boto gehien lortu dituen alderdia. Ez du ordea gehiengo osorik eskuratu eta ekainaren 16an hasiko den agintaldirako bidelagunak egin ala ez aztertzen ari da orain. "Gainerako indar politikoekin harremanetan jarri gara", izan da Oxel Erostarbe alkategaiak aurreratu digun gauza bakarra. Lortutako emaitzen gaineko balorazioa eskatutakoan Erostarbek honakoa esan du: "Herriak aldaketa eskatu du eta hori lau urteotako lanak ekarri du". Bere burua alkate ikusten duen ala ez ere galdetu dio GOIENAk. "Ni alkate aurkeztu nintzen eta prest nago alkate izateko", izan da bere erantzuna.


Herriaren hitza errespetatu
31 urtez Elgetako alkatea izan den Patxi Basauri herriaren hitza errespetatzearen alde agertu da.  "Argi gelditu da herriak Aralar nahi duela gobernuan eta herriaren hitza errespetatu egin behar da", esan du. Ezusterik izan ezean ekainaren 16an Erostarbek hartuko du Basaurik 31 urtez betetako kargua. "Aldaketa handia izango da", esan digu Basaurik. "Goitik behera aldatuko da nire egunerokoa, izan ere, 31 urtean ez dut deskonektatu".

Adostasunen beharra
Edurne Alberdi buru duen EAE-ANVk lortutako emaitzen balorazio positiboa egin du, izan ere oso gertu geratu dira hirugarren zinegotzia lortzetik. Negoziazioen gainean Aralarrekin batzartuko direla esan du Alberdik. "Oraingo honetan inork gehiengorik ez duenez adostasunetara iristera behartuta egongo dira", esan du. "Honek lau urte interesgarriren aurrean jartzen gaitu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak