Oxel Erostarbe: “Gure nahia da aurrekontuetan adostasunetara iristea”

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko urr. 31a, 12:25
Irisgarritasun plana eguneratzea eta parte hartzea sustatzea erronketako bi.

Badator urte amaiera eta Elgetako udaletxean hasiak dira datorren urteko aurrekontuak prestatzen. Legeak eskatzen du aurrekontua urtea hasi aurretik onartu behar dela, nahiz eta udaletxe askotan arau hori ez duten betetzen. Elgetan urtarril erdialdera onartu zituzten iazko aurrekontuak. “Asmoa da 2009ko aurrekontuak urte amaierarako onartzea”, azaldu du Oxel Erostarbe alkateak. “Gure borondatea adostasunetara iristea denez gertatu daiteke kontua aste bi edo hamar egun atzeratzea, baina asmoa da urte bukaerarako onartzea”.

Proiektu nagusiak

2008. urtea proiektu potoloen urtea izan dela uste du Erostarbek. “Datorren urtean proiektu horiei guztiei amaiera ematea tokatzen da”, azaldu du eta Torrealdeko haurreskola berria ipini du adibide moduan. “Bestetik etorkizunera begirako asmoak ipiniko ditugu martxan”, gaineratu du. “Kiroldegiaren etorkizunaz hausnarketa egin behar dugu, 2002an onartutako irisgarritasun plana agortuta dago eta eguneratu beharra daukagu. Azkenik, herritarren parte hartzearen inguruan sakondu beharra dagoela uste dugu”.

Udalaren diru kontuak

Irisgarritasun plana eguneratzeak bakarrik 20.300 euro suposatuko ditu. Udalak jakin berri du, gainera, Gipuzkoako Foru Aldunditik aurten 60.000 euro gutxiago jasoko dituela. “Hori diru asko da Elgeta moduko herri txiki batendako”, adierazi du alkateak. “Ikusiko dugu datorren urteari begira zer nolako aurreikuspen dagoen”.
      Udalaren egoera ekonomikoa delikatua da eta datorkigun krisiak ez ditu gauzak erraztuko. “Udaletxera iritsi ginean ez zegoen aurrezkirik”, esan du Oxel Erostarbe alkateak. “Dena gastatuta zegoen industrialdearen garapenean eta bestelako proiektuetan. Horri egun mundu mailakoa bihurtu zaigun krisia gehitzen badiogu, ba... ikusiko dugu zer gertatzen den”.
2008rako Udalak 2.835.565,76 euroko aurrekontua onartu zuen Aralarren, Edurne Alberdiren eta Leire Basauriren botoekin. EAJ-EAk kontrako botoa eman zuen orduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak