-
Urtebete alkatetzan. Zein balorazio egiten duzu?
Hasiberriak gara Udala gobernatzen eta bide onetik goaz. Informazio eskualdatzerik egon ez izanak zaildu egin zuen hasiera, baina hasita gaude gure martxan. Batzordeburuen inplikazioa izugarria da, euren denboraren zati handi bat herriaren alde emateko dihardute. Balorazio positiboa egiten dut daukagun onena ematen ari garelako.
Urte honetan zertan jarri duzu zure ahalegina gehienbat?
Hartuta zeuden konpromisoak eta utzita zeuden gaiak ezagutzeak eta bideratzeak lan handia eman digu. Horiek egin ostean herritarrekin hartutako konpromisoak betetzeari ekin diogu: auditoria ekonomikoa, agintaldirako plana, Salbador kalea oinezkoendako egokitzea, haurtzaindegi berria… Udalaren funtzionamenduan ere hasi gara eragiten: Hirigintza Sailean aldaketak, batzordeei erabakitzeko gaitasuna ematea…
Hamabi hilabeteotan hainbat erabaki hartu behar izan dituzu. Zeintzuk izan dira zailenak?
Udalak esan dezakeenaren gainetik beste erakunde eta lege batzuek esaten dituztenak daude. Askotan, ez da samurra azaltzea zergatik txabola bat ezin den eraiki, igogailu bat ipintzeko baimenik ez den eman, autobusa ezin den baserri ondoan geratu edo lursail bat ezin den hirutan zatitu. Erabaki zailenetan ere, herritarrei azalpenak zuzenean ematen saiatzen gara, eta hori eskertzen dutela esango nuke.
Salbador kaleko urbanizazio lanak eta haurreskola ziren zuen lehentasunak.Nola doaz bi proiektu horiek?
Salbador kaleko lanak egiteko dirua lortu eta proiektuari hainbat aldaketa egin dizkiogu. Lanak uztailean bukatzea espero dugu. Haurtzaindegiari dagokionez, parte-hartzea aipatu nahiko nuke. Gaiarekin interesa zuten hainbat herritarrekin landu da proiektua eta bisitak egin ditugu hainbat haurtzaindegitara. Haurtzaindegia, ludoteka eta gaztelekua hartuko dituen proiektua idatzita dago, eta lanen esleipena lehenbailehen egin nahi dugu, datorren urte hasieran haurtzaindegia zabaltzeko.
Agintaldia betetzeko beste hiru urte gelditzen zaizkizu. Hurrengo erronkak zeintzuk izango dira?
Agintaldiko plangintza errealista eta bideragarria egitea. Elgetako etorkizunean eragingo duten proiektuak egongo direnez, ezinbestekoa da herritarrek plangintzaren garapenean parte hartzea. Hurrengo hilabeteetan horretan jarriko dugu indarra.
Nola deskribatuko zenuke gaur egun Elgetako Udalaren egoera?
Orain talde batek du Elgetako Udalaren gidaritza. Aralarrek eta Eusko Abertzale Ekintzak elkarlanean dihardugu eta gainontzeko zinegotziek badakite lana egin nahi duenak ateak zabalik dituela. Zinegotzi guztiek egiten ari garenaren gaineko informazioa dute. Herriarendako onena alderdien interesen aurretik ipintzen dugun bitartean bide onetik joango gara.
Lehenengo urtea alkate karguan. Asko aldatu da zure egunerokoa?
Elgetan denok ezagutzen dugu elkar eta ez dut aldaketarik sumatu. Gainera, jendeak badaki eskerrak eta kexak egiteko orduan hobeto eta bideragarriagoa dela udaletxera etortzea niri edo edozein zinegotziri kalean egitea baino.
Elgetako jaiak gainean ditugu. Zure mezua herritarrendako?
Hainbat aldaketa daude programan. Jaiak norberak egiten ditu onak, eta jaietan parte hartzera animatu nahi nituzke elgetarrak.