Osokoak haurreskolaren proiektua onartu du

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko ekainaren 2a

Egueneko plenoan onartu zituen Elgetako osoko bilkurak bai haurreskola berriaren proiektua baita baldintza pleguak ere. Hasiera batetik aurreikusitako epeak betetzeko lanek uztailean hasi beharko lukete eta asmoa da esleipena hilabeteko epean egitea.

Proiektua 15 egunez egongo da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean irakurgai eta lanak egiteko aurkezten diren enpresen artean bat aukeratu beharko du Udalak. Aurrekontuari dagokionez, BEZ barne, 282.942,05 euroko kopurua darabilte udaletxean.

Udaletxean ordezkaritza duten hiru taldeen aldeko botoekin onartu ziren haurreskolaren proiektua eta lanen baldintza plegua. Zerbitzu berria lehenbailehen martxan jartzeko premia ikusten dute denek ere.

Espazioa bi aretotan banatuta

Torrealdeko etxebizitza babestuetan aurreikusten du Udalak haurreskola berria egitea. Lokal handia da eta haurreskola ez ezik ludoteka eta gaztelekua ere bertan ipintzeko asmoa azaldu dute.

Haurreskolak bi gela, logela, aldagela eta patioa izango ditu. Ludoteka eta gaztelekua, berriz, beste aldean eta elkarren ondoan egongo dira. Gela erabiltanitza egokituko dute bertan, besteak beste.
Udalaren asmoa da lanak abendurako amaituta egotea eta Gabonetako oporrak tresneria guztia lekuz aldatzeko erabiltzea.

Herri Eskolan ere gela beharra dute. Gero eta ume gehiago dago eta, orain arte ez bezala, kinta bakoitzak berea behar du ume kopurua dela-eta. Haurreskolak gaur egun erabiltzen duen gela, beraz, ondo baino hobeto etorriko zaie libre gelditzen bada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak