Oposizioa zabor tasaren igoeraren aurka agertu da

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko aza. 7a, 13:44
Patxi Basauriren taldeari “gehiegikeri larria” iruditzen zaio zabor tasa urtebetean 73,47 eurotik 100,21 eurora igotzea.

Elgetako Udalak onartu ditu 2009rako udal zergen eta tasen igoerak. %4,5eko igoera aplikatuko zaie higiezinei, ibilgailuei, lur eremuei, jarduera ekonomikoei, obrei eta hilerriko zerbitzuei dagokien zergei.
     Aho batez onartutako igoerak dira honakoak, baita udal gobernuak proposatutako zenbait hobari edo bonifikazio ere. Familia ugariek, bizigune programan daude etxebizitzek edo %33a baino gehiagoko elbarritasuna justifikatzen duten lagunek deskontuak izango dituzte zerga horietako batzuetan. Aldiz, errekargua izango dute herrian hutsik dauden etxebizitzak. Hau da, inor erroldatuta ez daukaten etxeak.

Zaborraren zerga

Zerga igoera handiena, baina, zaborraren tasak hartu du. %10 lehenengo sei hilabetean. “Mankomunitatetik datorren erabakia da hori”, adierazi du Oxel Erostarbe alkateak. “Aldatu egingo da, gainera, izan ere ez dugu oraindik ezagutzen Gipuzkoako Kontsortzioak aplikatuko duen igoera. Sei hilabete barru jakingo dugu hori”.
     Plenoan igoera horren aurka agertu zen oposizioa. Patxi Basauriren taldeak uste du igoera hori “gehiegikeri larria” dela. “Aurreikuspenak betetzen badira urtebetean %23,20 igoko da zerga hori”, esan du Basaurik. Aurreko urtean %16tik gora igo zela gogoratzen du gainera. “Herritarrendako asko da eta Mankomunitatearen gastuei aurre egiteko beste formula batzuk badaudela uste dugu. Igoera handiak aplikatzen zaizkie herritarrei eta ez zaie horren arrazoiaren inguruko inongo informaziorik ematen. Atez ateko zabor bilketa, konposta... ez dugu esaten egin behar ez direnik, baina krisian gaude eta ez dago ondo gastu guztia herritarrei kargatzea. Irudimen falta sumatzen dugu”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak