Onuradunek Torrealdeko Babes Ofizialeko etxebizitzak lehenengo aldiz ikusteko aukera izan dute

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko aza. 29a, 17:36
Elgetako Udalak Murias enpresa eraikitzailearekin batera antolatutako bisita izan da. Etxebizitzetan lehenengo aldiz sartzeko aukera izan dute onuradunek eta gehienek neurriak hartzeko aprobetxatu dute aukera.

Eguerdiko 13:00etan udaletxeko bilkura aretoan elkartu dira lehenengo guztiak. Bertan ziren, besteak beste, Oxel Erostarbe alkatea, Edorta Silva Elgeta 21eko kudeatzailea eta Murias enpresa eraikitzaileko arduradun bi. Etxebizitzak amaituta daudela esan du Erostarbek, baina oraindik ere obran daudela azken ukituak egitea falta baita.

Aste Santurako prest
Alkateak onuradunei azaldu die udaletxean sartu zirenean bi arazo handi aurkitu zituztela Torrealdeko proiektuan. Bata ur-hornidurarekin lotutakoa eta bestea argindarrarekin. "Aurreko Udalak konpromisoa hartuta zeukan Ur Partzuergoarekin obra amaitzeko ur-hornidura ziurtatzeko obra eginda izango zuela", esan du. "Hori ez da horrela gertatu. Azkenean Salbador kaletik egingo dugu lotura eta urtarrilean hasiko dira kale horretako lanak".
    Argindarraren arazoa konpontzeko proiektua aldatu behar izan dutela azaldu du Erostarbek. Alkateak esan duenez instalazio guztia egingo zegoen, baina ez lur publikoan baizik eta pribatuan. "Espero dugu urtarrilerako arazo hau konponduta egotea", aurreratu du.
    Lanak amaitutakoan Eusko Jaurlaritzak bere adostasuna eman beharko du eta alkatetzatik uste dute etxebizitzak sartzeko prest izango direla Aste Santurako. "Lehenago izatea espero dugu guztiak, Murias enpresa eraikitzaileak ere lehenbailehen egin nahi ditu eskriturak", amaitu du alkateak.

Lehenengo neurriak hartzen
Ikusmina sortu du bisitak onuradunen artean. Hogei bat minutu izan dituzte etxebizitzak ikusteko. Asko senitartekoekin sartu dira lehenengo aldiz euren etxebizitza izango denera. Beste batzuk profesionalak izan dituzte lagun eta sukaldearen proiektua egiteko lehenengo neurriak hartu dituzte. "Egongela gustatzen zait", azaldu du batek. "Nahiko handia ematen du eta argi asko sartzen da". Beste batek sukaldeko ur eta argi irteerekin ez da gustura gelditu. "Nola da posible inguruan ez jartzea! Arkitekto hauek badakite zertan dabiltzan?". Kontuak kontu gehienak eskertu egin dute etxebizitzetara sartzeko izan dute aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak