Omenaldi beroa jaso zuten 30 bat elgetarrek egubakoitzeko ekitaldian

Txomin Madina Milikua 2009ko urtarrilaren 25a

Omenduak, ahotsak.com proiektuan parte hartu zuten herritarrak izan ziren, eta eurak ez ezik, senideak ere hurbildu ziren ekitaldira. Egitasmoan parte hartu dutenek, euren elkarrizketak biltzen dituzten grabazioak jaso zituzten.

Hunkigarria, baina aldarte eta umore onez betea, halakoxea izan zen ahotsak.com proiektuan parte hartu duten elgetarrek egubakoitzean jasotako omenaldia.

Oxel Erostarbe alkateak eskerrak emanez hasi zuen ekitaldia. Eskerrak, ahotsak.com egitasmoan testigantza eskaini duten herritarrei; baita Badihardugu elkarteari proiektua bultzatzeagatik eta Goibeko kultura elkarteari herriko euskara mantentzeko egindako lanagatik ere. Erostarbek gaineratu zuen Udalak egitasmoarekin jarraitzeko asmoa duela.

Proiektuan parte hartu duten elgetarrei elkarrizketak egiten ibilitako Iban Arantzabalek hartu zuen ondoren hitza, eta azpimarratu zuen, eurei esker, Elgetako berbak eta esaldiak ikasteaz gain, galdutako jolas, ohitura eta lekuei buruzko informazioa ere eskuratu ahal izan zutela.    

Pasarteak gogoratuz

Zenbait arazo tekniko gainditu ostean, omenaldiko protagonistek kamara aurrean esandako hainbat pasarte ikusteko aukera izan zuten Espaloia bete zutenek. Txikitako pasadizoak, jolas kontuak, gerra garaikoak... Senide eta lagunei irribarre eta barre algara ugari eragin zizkieten pasarteak.

Bakoitzak egindako elkarrizketen kopiak banatu zieten omenduei, eta amaiera gisa, afari-merienda ederra egin zuten han bildutakoek. Orduan ere, euskara paregabean, lehengo eta oraingo kontuak izan ziren nagusi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak