Okela, atzera ere, herrian erosteko aukera

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko urriaren 8a

Atzo arratsaldean inauguratu zuen harategia Imanol Albizuk. 18:00etan zabaldu zuen komertzioa. Pintxoak eta tragoak banatu zituen hurbildu zirenen artean.

Apustu handia egin du 22 urterekin Imanol Albizu elgoibartarrak. 18 urterekin hasi zen harakin lanetan, eta negozio propioa zabaldu du orain Elgetan. "Azpeitian eta Elgoibarren aritu naiz harakin lanetan", adierazi digu Albizuk. Abenduan hartu omen zuen harategia zabaltzeko erabakia. "Jakin nuen Elgetan ez zegoela harategirik, eta arrazoiren bat egongo zela pentsatu nuen. Jakin nuenean, baina, erretiroa hartu izanagatik itxi zirela aurreko biak nire buruari esan nion, akaso, hemen zegoela nire aukera".

Ikusmin dezente

18.00etan zabaldu zuen publikoarendako bere harategiko atea, eta laster batu zen jende mordoxka. Asko herritarrak, beste asko Albizuren lagunak eta senitartekoak. Pintxoak eta tragoak banatu zituen. Batzuk erosketak egitera joan arren, ez zuen okelik saldu. "Bihar goizean etorri, gaur jan pintxoak eta hartu trago bat", erantzun zien.
     Ogia, edariak, fruta eta barazki batzuk, galletak, aurrez prestaturiko jakiak, izoztutakoak... askotariko produktuak ipini ditu salgai harategian. Eta nola ez, okela. "Etxean egindakoa eta horrela ez bada gertukoa", adierazi zuen. Txistorra eta antzerakoak harategian bertan egingo dituzte, eta gainerako okela baserri ezagunetatik ekarriko dutela adierazi zuen.
    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak